interferoi
iz. Kim. Birus batek sortutako infekzioari aurre egiteko ornodun askoren zelulek ekoizten duten proteina. Proteina txikia da (molekularen pisua 20.000), eta birus mota askoren ugalketa galarazten du, zelulei erresistentzia handia ematen baitie. Isaacs-ek eta Lindermann-ek aurkitu zuten 1957an, birusen arteko interferentzia aztertzen ari zirenean. Antigorputzak eta interferoiak maila batean antzekoak badira ere, alde nabarmen bat dute: antigorputzak, birus batek sortutako gaiak izanik, birus horren aurka bakarrik ekiten du; interferoiak, aldiz, zelularen gainean ekiten du, eta jatorrizko birusa ez bezalakoak diren birusen ugalketa galaraz dezake. Hala ere, mota bateko animalien zelulek ekoiztutako interferoiak mota horretako animalien zelulak babesteko balio du batez ere, eta ez beste mota bateko animalienak. Gizonaren gaitzen trataeran izan dezakeen eragina ikusteko azterketa asko egin dira. Hala ere, oraindik ez da behar bezala ezagutzen interferoiaren ekoizpena bultzatzen duen egituraren izaera kimikoa (nahiz eta azido nukleikoaren zati bat dela pentsatzen den), ez nola babesten duen zelula. Gene ingeniaritzako teknikak erabiliz interferoi sintetiko bat lortu da, minbiziaren trataeran erabiltzen dena.