inertzia
iz. Materiaren ezaugarria, gorputz batek bere egoeraren aldaketei kontra egitean datzana. v Mek. Geldirik dagoen edo higidura uniformez higitzen ari den gorputz batek bere egoeraren aldaketei kontra egiteko materiak duen ezaugarria. Gorputz batek zenbat eta masa handiagoa izan, gero eta handiagoa izan beharko du bere lastertasuna aldatuko duen indarra (Newton-en legearen arabera: indarra berdin masa bider azelerazioa); beraz, gorputz baten masa inertziaren neurri kuantitatiboa dela esaten da, eta translazio mugimenduetan inertzia masaren bidez adierazten da. Inertzia bihurdura momentu batean gertatzen bada, berriz, lastertasun angeluarrari erresistentzia egiten dioenean hain zuzen, inertzia momentuaz neurtzen da, eta bere baitan hartzen ditu bai gorputzaren masa eta bai forma edo itxura; ardatz baten inguruko errotazio mugimenduetan, beraz, inertzia ardatzari buruzko inertzia momentuaz adierazten da. ik. mekanika, Newton-en legeak. v Inertzia printzipioa edo Galileoren inertzia legea. Dinamikaren oinarrizko legeetako bat da. Lege horrek dioenez, inolako indarrik eragiten ez dion gorputz bat geldirik dago edo lastertasun iniformez eta lerro zuzen bat eratuz higitzen da. v Inertzia momentua. Ardatz bati buruz materia puntu batek duen inertzia momentua puntu horren masaren eta puntuaren eta ardatzaren arteko distantziaren karratuaren arteko biderkadura da. Ardatz bati buruzko sistema baten inertzia momentua sistema hori osatzen duten materia puntu ororen inertzia momentuen batura da. Materia puntu baten masa m bada, eta puntu horren eta ardatzaren arteko distantzia r, materia puntuaren inertzia momentua mr2 da, eta ∑mr2 berriz gorputzarena. v Inertzia indarra. Gorputz batek kanpoko indar bati egiten dion erresistentzia indarra da. Sistema mekaniko ez-inertzial batean Newton-en bigarren legea bete dadin, sisteman eragiten dirauten indar errealei gehitu behar zaien indarra da. v Med. Zenbait giharren moteltasuna edo mugimendu falta. Hala, umekiaren inertzia izaten denean, erditzean umetokiko giharrek huts egiten dute eta ez dira behar bezala tenkatzen; horren ondorioz erditzea asko luzatzen da. Inertzia mota hori erditzearen hasieratik edo erditzean zehar izandako estutu handiek eragindako nekeak sorturikoa izan daiteke.