Indy, Paul Vincent d´
Frantses musikagile eta pedagogoa (Paris, 1851 - Paris, 1931). C. Franck-en ikasle izan zen. Kontrapuntua, harmonia, konposizioa eta organoa landu zituen harekin. Le chant de la cloche (Kanpaiaren kantua, 1879-1883) izeneko lanarekin Parisko hiriko saria irabazi zuen, eta 1885 inguruan frantses musika eskolako kide nagusietakoa zen. 1886ko udan bere lanik adierazgarrienetako bat plazaratu zuen: Symphonie sur un chant montagnard français (Frantziako menditar kantu bati buruzko sinfonia). Musika sortzeaz gainera, beste alor batzuk ere landu zituen. Piano-jotzailea izan zen, hizlaria, polemista, musikologoa, transkriptorea, koru eta orkestra zuzendaria. 1896an arrakasta handia izan zuen, ballet baten musika ziren Istar izeneko orkestrarako bariazioekin. 1894an «Schola Cantorum» delakoa sortu zuen, eta bera jarri zen zuzendari. Wagner-en jarraitzaile sutsua izaki, haren eragina nabaria du. Bere drama lirikoetan leit-motiv egitura erabili zuen.