Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

indize

iz. Mat. Parekoak baina desberdinak diren elementuak bereizteko edo hurrenez hurren duten ordena adierazteko letra bati ezartzen zaion ikurra. Indizea beheratua (azpi-indizea) edo goititua (goi-indizea) izan daiteke.  v  Ekon. Denbora epe batean zehar magnitude baten aldaketen berri ematen duen adierazlea.  v  Indizeak oso erabiliak dira ekonomian, oinarrizko zenbait magnitudek (salneurriak, produkzioak, etab.) denboran zehar izaten duten aldaketa aztertzeko. Magnitude baten indizea lortu diren garaietako magnitudeen balioen eta oinarri gisa hartzen den garaiko balioaren arteko erlazioa da; oinarrizko garaiko magnitudeak gehienetan 100 balioa hartzen du. Askotan indize horiek ponderatu egiten dira, hau da, elementu bakoitzak osotasunari buruz duen garrantziaren edo pisuaren arabera ponderazio zenbateko edo pisu batez biderkatzen dira.  v  Laspeyres-en indizea. Zenbaki indize ponderatua; erabiltzen diren ponderazio pisuak oinarrizko garaikoak izaten dira. ik. zenbaki indizea.  v  Paasche-ren indizea. Zenbaki indize ponderatua; erabiltzen diren ponderazio pisuen balioak indizeak egiten diren garaikoak izaten dira. ik. zenbaki indize.  v  Prezioen indizea. Zenbait formularen bidez produktu multzo baten prezioen maila adierazten duen balioa da. Indizean sartzen diren zerbitzu edo produktu bakoitzak une jakin batean duen prezioa (1993, adibidez), oinarrizkotzat hartzen den unean (1990, adibidez) zuen prezioaz zatitzen da, eta era horretan elementu bakoitzari dagokion prezio erlatiboa ateratzen da. Prezio erlatibo bakoitza ponderazio pisu batez biderkatu ondoren, elementu guztien baturaren batez bestekoaz kalkulatzen da prezioen indizea. Ponderazio pisuak bi eratakoak izan daitezke: aztertzen den garaian (1993, lehen aipatu adibidean) produktu edo zerbitzu bakoitzean gastatu dena (Paasche-ren indizea), edo elementu bakoitzean oinarrizko unean (1990) gastatutakoa (Laspeyres-en indizea). Era berean eta metodo bera erabiliz, edozein indize kalkula daiteke. Prezio indize ezagunenen artean kontsumorako prezioen indizea, handizkako prezioen indizea, nekazaritza produktuen prezioen indizea eta produktu industrialen prezioen indizea aipa daitezke.  v  Bizitzaren kostuaren indizea. Prezioen indizearen kasu berezi bat da. Eredutzat hartzen den familia baten bizitzaren kostua deritzana denboran zehar kostu hori nola aldatu den adierazten duen prezioen indize mota da. Laspeyres-en indizea erabiliz kalkulatu ohi da; horrek esan nahi du ponderazioa ez dela aldatzen epe bakoitzean. Normalizaturiko ponderazio horri erosketa poltsa deritzo. Ponderazioa aldatzen ez bada, kontsumitzaileen bizi maila ez dela aldatu esan nahi du.  v  Kontsumorako prezioen indizea. Prezio indizerik ezagunena da. Estatuetako estatistika zerbitzuek kalkulatzen dute. Erreferentzia gisa adierazgarri diren familiak hartzen dira, eta horiek kontsumitzen dituzten produktu eta zerbitzuekin erosketa poltsa deritzona eratzen da. Erosketa poltsa osatzen duten produktu horiek izaten dituzten prezio aldaketak jasotzen ditu kontsumorako prezioen indizeak.  v  Produkzioaren indizea. Ekonomia osoaren edo ekonomiaren alor bateko produkzioaren bilakaera neurtzeko erabiltzen da; prezioen indize antzekoak erabiltzen dira baina ekoizten diren zenbatekoak beren prezioez ponderatzen dira. Laspeyres indizeak dira gehien erabiltzen direnak.