Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Illescas, Miguel

Katalan xake jokalaria (Bartzelona, 1965). Nazioarteko Maisu Handien kategoria du. Informatika ikasi zuen, baina xake jokalari profesional egitea erabaki zuen. Bera da, Arturo Pomarrekin eta Ruy Lopez de Segurarekin batera (azken hori XVI. mendekoa) mundu mailako elitean iraun duen espainiar xake jokalari bakarra. 1990eko hamarkadaren hasieran iritsi zuen maila hori, oso joko gogorra eginez. 1993an, Herbehereetako Wijk Aan Zeeko txapelketan berretsi zituen bere ahalbideak. Han bigarren gelditu zen, Anatoli Kárpoven aurrean finala 2 1 eta 1 1 galdu ondoren. Espainiako Txapelketan zenbait titulu irabazi ondoren, 1995ean Bartzelonako Superkonputagailuen Kongresuan, Deep Blue ordenagailuaren lehen bertsioetako baten kontra garaitu zuen, kirol horretan makina eta gizona aurrez aurre jartzen ziren lehen aldietako batean. 1996an Armenian egin zen Xake Olinpiar Jokoetan seigarren gelditu zen (Espainiak inoiz izan duen posturik onena), brontzezko domina irabazi zuenarengandik puntu erdira. 1997an IBM informatikako multinazionalak kontratatu zuen, hain zuzen ere, Deep Blue konputagailuaren programa garatzeko. Urte horretan bertan Gari Kasparov garaitu zuen ordenagailuak.