Ilustrazioa
iz. Argien Mendea, Europan XVII. eta XVIII. mendean sortu eta mamitu zen kultura higikundea, arrazoia hartzen zuena gizonaren funts eta oinarritzat. v Ilustrazioari Argien Mendea ere deitu ohi zaio, arrazoiaren argiaren bitartez gizona ilunpetatik eta ezjakintasunetik askatzea baitzuen helburu. XVII. mendeko filosofia arrazionalisten eta enpirikoen izpiritua bere egin zuen ilustrazioak eta Burges Iraultzaren eta pentsamoldearen aitzindari izan zen. Zientziaren garapena funtsezkoa izan zen Ilustrazioaren sorreran, aurkikuntza berriak zirela eta, “izadia” modu berri batez ulertzen hasi bait ziren XVII. mendean; hala, natura lege batzuk zituela eta lege horiek arrazoiaren bidez argitu eta uler zitezkeela erabaki zuten. Ildo horretatik joanez, arrazoia nagusitu zen arlo guztietan, hala zientzietan nola gizarteko harremanetan eta mundua ikusteko moduan. Ilustrazioan sortu eta egin ziren Europako lehenengo entziklopediak, Diderot-ek eta D’Alembert-ek ilustrazioaren izpirituari jarraiki egin zuten Frantziako lehen entziklopedia ospetsua.