Iliescu, Ion
Errumaniar politikaria (Oltenita, 1930). Errumaniako lehendakari izana (1990-1996). Iliescu Gazte Komunisten kide egin zen 1944an, Alderdi Komunistak Errumanian indarra izan baino askoz lehenago. Gazte Komunisten Batasunaren Batzorde zentralaren idazkari izan zen 1956an, eta 1965ean, alderdiaren Batzorde Zentralaren kide. Nicolae Ceaucescu alderdiaren idazkari nagusi egin zenean, begiko zituenak jarri zituen aurrean, eta arerio zitezkeenak gero eta gehiago urrundu zituen kargu garrantzitsuetatik. Hala, 1971n Iliescu kargu guztietatik kendu zuen, Batzorde Zentraletik izan ezik, eta Timisoarara bidali zuen alderdiaren eskualdeko idazkari gisa lan egitera. Ceaucescurekin gustura ez zeuden funtzionario ohiek osatutako oposizioko kide izan zen Iliescu. Oposizioaren ekintzek indar handia hartu zuten 1989. urtearen amaieran, Timisoaran hasitako matxinada hiribururaino zabaldu zenean, azkenik Ceaucescu kargutik kendu eta hil zuten arte. Iliescuk berehala hartu zuen Nazio Salbaziorako Frontearen presidente kargua, behin-behineko gobernuaren Kontseiluarena. 1990eko maiatzean botoen % 85 izan zuen 1930eko hamarkadaz geroztik egiten ziren lehen hauteskunde libreetan, eta errepublikaren presidente bihurtu zen. 1992ko lehendakaritzarako hauteskundeetan botoen % 61 izan zuen. Merkatu ekonomiarako bidean behar ziren erreformak eginez jarraituko zuela agindu zuen, baina astiroago. 1995ean Europar Batasun ean sartzeko eskaria aurkeztu zuen Errumaniak. Oposizioko Emil Constantinescu buru zuen Konbentzio Demokratikoa koalizioak irabazi zituen 1996ko parlamenturako hauteskundeak, botoen % 54rekin, eta Iliescuk % 46 lortu zituen.