Iliada
Greziar epopeia, K.a IX. mende inguruan idatzia. Betidanik Homerok idatzia dela uste izan bada ere, teoria asko dira Iliadaren egileari buruz. Dena dela, mendeetan zehar ahoz aho gordetako kontakizuna izan zen, Homerok jaso zuena; Homeroren garaiaren aurreko esapide eta hitz ugari daudenez, teoria hori onartua izan da. 15.537 bertsoz dago osatua, hexametrotan onduak, eta 24 kantutan banatua. Troiako (Ilion) gerraren azken urtea kontatzen da Iliadan. Agamenonek esklabo bat lapurtu dio Akilesi: Briseida. Akiles haserretu eta gudulekutik alde egiten du, eta akeiarren ostea ahulduta uzten du. Baina Akilesen laguna Patroklo hiltzen denean bere haserrea areagotu eta gudulekura itzultzea erabakitzen du. Jainkoen eta gizonen ekintzak nahasten dira bertan. Garrantzi historiko handikoa da, zibilizazio mizenikoaren ezaugarri asko ezagutzera ematen baititu.