ikonostasi
iz. Bizantziar ohiturazko sortaldeko elizetan, harrizko, zurezko, edo metalezko hesi sendoa, gehienetan aldare aurrea eliza barnetik bereizteko zena. Hasierako ikonostasiak banaketa horma soilak ziren, ondoren zutabeak jarri zituzten horman, eta zutabeen tarteak ikonoz bete zituzten. Ikonostasiak ate oihaldun handi bat zuen erdian, aldarearen parean, eta bi ate txiki ate nagusiaren bi alboetan; ate nagusiaren ezkerreko aldean Gizakundearen irudia (Ama Birjina eta Haurra) zuen, eta Jesu Kristoren Bigarren Etorrera eskuinean. Lau ebanjelariak, Azken Afaria, Gabriel eta Mikel goiaingeruak, hamabi apostoluak, elizako jaiak, Testamentu Zaharreko igarleak, etab. ate nagusiaren inguruko irudiak ziren. Ikonoen gurtzak eztabaidak eta erasoaldiak sortu zituen Sortaldeko Elizan (725-843). ik. ikonoklasta.