Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

iguanodonte

iz. Zool. Iguanodontidoen familiako narrasti erraldoia jurasiko garaian agertu eta kretazeo garaian desagertu zena (Iguanodon). 1877an Belgikako ikatz-mea batean aurkitu zituzten hezurrekin osatu zuten lehenengo iguanodonte, Bruselako Errege Institutu Nazionalean dagoena. 9 m inguru luze zen eta 5 bat m garai. 4,5 tonelada inguruko pisua izan zezake adituen ustez. Buru txiki samarra zuen, muskerrarenaren itxurakoa, gorputza, atzeko hankak eta isatsa aldiz ikaragarriak zituen. Lau-hankan higitzen zela uste da, baina tentetu ere egin zitekeela. Ingalaterran, Belgikan, Alemanian, Ipar Ameriketan Estatu Batuetako Utah estatuan, Tunizian eta Mongolian aurkitu dira haren hezurrak. Iratzeak eta azeribuztan landareak jaten zituela uste da.