Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Idiazabal

Gipuzkoako hegoaldeko udalerria, Urtsuaran errekaren eskuinaldean (Goierri). Mugak: iparraldean, Ormaiztegi eta Beasain; ekialdean, Ataun eta Olaberria; mendebalean, Segura eta Zegama, eta hegoaldean, Gipuzkoako eta Arabako partzuergoa. Garaiera, 211 m. 22,7 km2. 1997ko datuen arabera, 2.013 biztanle ditu (idiazabaldarrak). Auzo nagusiak: Urtsuaran eta Idiazabal. Oria ibaia igarotzen da udalerriaren iparraldetik ekialde mendebale. Urtsuaran errekak hegoalde iparralde zeharkatzen du idiazabalgo udalerria ura Oria ibaian isuri aurretik. Euskara, gipuzkera; hizkuntza banaketa 1996an: 1.705 euskaldun, 171 ia euskaldun eta 119 erdaldun. Industria da bertako ekonomia jarduera nagusia (zurgintza, janari industria, metalurgia, makineria; langileen % 65). Garrantzitsua da, halaber, abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) eta gaztagintza (Idiazabalgo gaztak). Aipagarriak dira XIII. mendeko San Migel eliza erromanikoa (XVII. mendean eraberritua), Ama Birjina Gurutzetako ermita (XIV-XV. mendeetako irudi gotiko bat gorde da), Arimasagasti oinetxea eta Maubia etxea.  v  Historia. 1384. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Idiazabalgo herria, Segurako hiriari lotua. Hiri gutuna jaso zuen Filipe III.aren eskutik 1615. urtean. Herri txikia izanik, Ataun eta Beasaingo herriekin bat egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietara ordezkari bakarra eramatearren. 1691. urtean Zegamako Hermandadeko kide bihurtu zen. 1725. urtean deuseztatu zen hermandade hura.