Idigoras Gerrikabeitia, Jon
Bizkaiko politikari abertzalea (Zornotza, 1936 - Bilbo, 2005). Langile izan zen metalurgian eta atxilotu eta kartzelatu zuten behin baino gehiagotan, frankismoaren aurkako borrokan jarduteagatik. Ipar Euskal Herrira jo behar izan zuen frankismoaren azkeneko urteetan eta LAB sindikatuaren sortzaileetakoa izan zen 1975. urtean. 1978. urtean parte hartu zuen Altsasuko Mahaiaren antolakuntzan eta Herri Batasuneko mahai nazionaleko kidea da 1979. urtetik aurrera. Kargu ugari izan zituen bere alderdian eta administrazioko erakundeetan (Madrilgo Parlamentuko diputatu aukeratu zuten Bizkaian 1989ko hauteskundeetan) eta Herri Batasuneko buruzagi nagusietakoa izan zen. 1996ko hauteskunde kanpainan ETAren bideo bat zabaltzeagatik kartzelatua izan zen 1997an gainerako 21 mahaikideekin batera. Gaixotasun kroniko bat zuela eta, aske utzi zuten 1999ko maiatzean, gainerako espetxeratuak baino zertxobait lehenago, haiek ere kartzelatik irten baitziren urte bereko uztailean Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Gorenaren epaia bertan behera utzi ondoren. 1999 urtean bertan El hijo de Juanita Gerrikagoitia autobiografia argitaratu zuen, eta 2000. urteko otsailean, HBk Mahai Nazional berria hautatu zuen unean, omenaldi berezia jaso zuen, Itziar Aizpuruarekin batera.
- Idiakez, Joan
- Idiakez
- Idiart, Roger
- Idiazabal
- idigai
- Idigoras Gerrikabeitia, Jon
- idiki
- idiko
- idioblasto
- idioelektriko
- idiofono