Huyghe, René
Frantses arte historialaria (Arras, 1906 - Paris, 1997). Artearen historia eta letrak ikasi ondoren, 1930ean kontserbadore gisa hasi zen lanean Louvreko Museoan. 1937-1951 bitartean Louvreko pintura saileko kontserbadore buru izan zen eta museoaren ikerketa eta dokumentazio zerbitzua sortu zuen. Garai hartan Louvreko Eskolako irakasle izan zen, erakusketa ugari antolatu zituen, bai Parisen eta bai atzerrian, eta Frantziako museoetako pinturak zaharberritzeko zerbitzua sortzen lagundu zuen. 1950etik aurrera Collège de Franceko irakasle izan zen, arte plastikoen psikologia katedran. 1960an Frantziako Akademian sartu zen Robert Kempen lekuan. 1966an Europako Erasmo saria jaso zuen bere lanagatik. 1974tik aurrera Frantziako Institutuaren Pariseko Jacquemard-André museoaren zuzendari izan zen, eta hamar urtez, Venezia zaintzeko nazioarteko adituen batzordearen lehendakari. Asko idatzi du antzinako artearen eta arte modernoaren historiari buruz, pinturari buruz batik bat, esate baterako, Histoire de l’art contemporain (1935, Gaur egungo artearen historia, arte modernoari buruzko lehen nazioarteko historia), etab. Baina baita formen bizitza eta artearen funtzioari buruz ere; azterlan horietan historia eta estetikaren metodoak erabiltzeaz gainera, soziologia eta psikologia ere kontuan izan ditu. Dialogue avec le visible (1955, Ikusgaiarekin hizketan) liburuan, esate baterako, mendebaldeko zibilizazioan, “irudiaren zibilizazioan”, ikusmenak duen lehentasuna nabarmentzen du, eta, hortik abiatuta, artelanaren irakurketa berri bat finkatzen du. Beste lan batzuk: Formes et forces (1971, Forma eta indarra), L’Art et l’homme (1958-1961, Artea eta gizona), L’Art et le monde moderne (1070, Artea eta mundu modernoa).