Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hutu

iz. Etnogr. Ruanda eta Burundi inguruan bizi den herri bateko kidea. Ruanda eta Burundi inguruko biztanle gehienak hartzen dira hutuak. Nekazariak dira eta klanetan berezita bizi dira. Bantu hizkuntzaz mintzatzen dira. ■ Ruanda ingurura iritsi zirenean, lehendik bertan bizi ziren tutsiak kanpora egotzi zituzten eta han bizi izan ziren hutuak, baina XIV.-XV. mendeen inguruan tutsiak itzuli eta haien mendean gelditu ziren hutuak; 1959-1961 bitarteko urteetan berriro aginpidea eskuratu zuten hutuek, baina 1965eko gobernua tutsiak nagusi ziren gudaroste baten mendean eratu zen. ■ 1965ean, hutuek estatu-kolpe saio bat egin zuten Burundin, baina huts egin zuten eta herrialde horretako hutuek tutsien mendeko gobernu militarraren agindupean jarraitu zuten. 1972an, Burundiko hutuak agintari tutsien aurka altxatu ziren, baina honek sarraskiak eragin zituen bi aldeetan, hutuen estatusean inolako aldaketarik sortu gabe. Ruandari dagokionez, berriz, tutsiak agintean egon ziren 1959-1961 arte; izan ere, aldi horretan hutuek tutsi gehienak herrialdetik bota eta gobernua beraien kontrolpean hartu baitzuten. 1994an, Habyarimana lehendakari hutua hegazkin leherketa susmagarri batean erail zutenean, hutuen eta tutsien arteko gerra zibila piztu zen Ruandan, bi leinuen arteko mendeetako gorrotoa berpizturik. Milaka ruandar hil ziren sarraskietan, eta beste milaka askok herrialdetik alde egin zuten. Gerrako unerik latzena igaroa zela zirudienean, eritasunek, eta bereziki kolerak, jendearengan hondamenak eraginez jarraitu zuten. ik. Aintzira Handietako gerra.