Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hungariera

(Hungarieraz, magyar). iz. Uraletako familiako fino-ugriarren saileko hizkuntza, batez ere Hungarian, baina baita ere Txekoslovakiako, Errumaniako, eta Jugoslavia zeneko leku batzuetan, eta munduan zehar talde txiki sakabanatuetan hitz egiten dena. Hungariera hizkuntza fino-ugriarren ugriar adarrekoa da, ob-ugriar hizkuntzekin, eta mansi eta khanty hizkuntzekin batera. XIII. mendeaz gero, latinaren alfabetoaren antzekoa erabili du hungarierak, eta XVI. mendetik aurrera finkatu zuen ortografia. Hungarieraren ortografia bereizgarri dira bokal luzeen eta bokal biribilen azentua, eta txistukarien idazkera (sz euskarazko s-a da, eta s euskarazko x-a). Hungarieraren gramatikaren beste ezaugarria atzizkien kopurua da. Hungarierak inguruan Uraletakoak ez diren beste hizkuntzak dituenez gero, hitz asko ditu irandarrak, turkiarrak, kaukasiarrak, eslaviarrak, latinezkoak eta alemaniarrak. Euskaraz bezala, galdegaia aditzaren aurre-aurrean jartzen du.