hungariar
iz. eta izlag. Hungariakoa; Hungariako herritarra. v Hist. Antzinako hungariarrak Siberiako mendebalean bizi ziren herri turkiar eta ugriarren nahasketa ziren. V. menderako hego-mendebalerantz ia Kaspiar Itsasoraino iritsi ziren, eta K.o. 830. urtean Don ibaiaren eskuinalderaino. IX. menderako hungariarrak gaurko eremuetan bizi ziren, eta eslaviarrak eta hunoak mendean zituzten. Mende erdia geroago, ordea, hungariarrek atzera egin behar izan zuten, baina ordu arte Europan erasotzaile beldurgarriak izan ziren. Bestalde, Hungaria Europako bidegurutzea zenez gero, inguruko herriek etengabe eraso egin zioten, eta beren lurraldea askotan hedatu eta murriztu zen historian zehar. Eslaviarrak, germaniarrak, eta errumaniarrak izan zituzten hungariarrek inguruan, eta eragin handia izan zuten hungariarren bizitzan. Eragin handiena turkiarrena izan zen (XVI. eta XVII. mendeetan) eta austriarrena (Habsburgotarrak). Hungariarrek autonomia 1867an eskuratu zuten, eta 1918an independentzia.