Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hungaria

(Izen ofiziala, Hungariako Errepublika; Hungarieraz, Magyar Köztarsasag). Europako erdialdeko sortaldeko estatua. Mugak: iparraldean, Eslovakia; ipar-ekialdean, Ukraina; ekialdean, Errumania; hegoaldean, Errumania, Jugoslavia eta Kroazia; hego-mendebaldean, Eslovenia; mendebaldean, Austria. 93.033 km2 eta 9.956.000 biztanle (2005, hungariarrak). Hiriburua: Budapest (1.695.000 biztanle). Hizkuntza: hungariera. Etniak: hungariarrak % 89,9; ijitoak % 4; alemaniarrak % 2,6; serbiarrak % 2; eslovakiarrak % 0,8; errumaniarrak % 0,7. Erlijioa: katolikoak % 64, protestanteak % 23. Dirua: forinta. ■ Lurraldea. Lautada bat da, mila metro inguruko garaiera duten Karpato mendiez inguratua. Bi ibai nagusik iparraldetik hegoaldera zeharkatzen dute lurraldea: Danubioa (Alpe mendietan sortzen diren Rába eta Drave adarrekin) mendebalean, eta Tisza (Karpato mendietan du iturburua) ekialdean. Ibai horien artean lur emankorreko lautada bat dago, herrialdeko nekazaritzagune nagusia. Hungariako klima kontinente barrukoa da, negu hotzak eta uda beroak dituena. (-2 °C batez beste neguan, 20,5 °C batez beste udan). Ingurumen arazo nagusia airearen kutsadura da. v Biztanleak. Biztanle gehien-gehienak magiar jatorriko hungariarrak dira. Gainerakoak alemaniarrak, eslovakiarrak, serbiarrak, kroaziarrak, ijitoak eta errumaniarrak dira. Hiru biztanletik bi hirietan bizi dira. Hiri nagusia Budapest da; Danubio ibaiak bi erditan banatzen du hiria: Buda, hiri zaharra, eta Pest, hiri modernoa. Budapest Hungariako industria eta kultura hiri nagusia da. Oso hiri ederra da, eta Europako erdialdeko turismogune garrantzitsuenetako bat, Viena eta Pragarekin batera. Hungariako gainerako hiriak askoz txikiagoak dira: Debrecen (211.000 biztanle), batez ere nekazaritzatik bizi den eskualde bateko merkataritzagune nagusia; Miskolc (180.000 biztanle), industriagunea (burdina, altzairua); Szeged (167.000 biztanle) eta Pecs (170.300 biztanle). Erlijioari dagokionez, biztanleen bi heren katolikoak dira, eta laurden bat protestanteak. 1991n 100.000 judu inguru zeuden, baina judu elkartea askoz handiago izan zen Bigarren Mundu Gerraren aurretik, alemaniar nazien jazarpenaren aurretik, alegia. v Kultura. Hungariarren ekarpena kulturaren alor guztietara handia izan da historian zehar. Zientzialarien artean, aipatzekoak dira Albert Szent-Györgyi (Nobel saria irabazi zuen C bitamina aurkitu izanagatik), Georg von Békésy, Eugene Wigner, Edward Teller, Leo Szilard eta John von Neumann. Musikari dagokionez, Franz Liszt, Béla Bartók eta Zoltán Kodály-ren lanak mundu osoan dira ezagunak. Literaturan, berriz, János Arany eta Sándör Petöfi olerkariak dira aipagarri, eta baita Kálmán Mikszáth, Zsigmond Móricz eta Ferenc Molnár-en obrak ere, hizkuntza askotara itzuli direnak. Hungariako zinemagintzak Lehen Mundu Gerran eta Belá Kun-en diktadurapean (1919) indar handia hartu zuen, baina Horthy-ren “izualdi zurian” zinemagile hoberenak erbestara joan ziren ihes: Sándor Korda (Alexander Korda), Mihály Kerstész (Michael Curtiz), Béla Balázs, etab. Zinemagileen artean, aipatzekoak dira Károly Makk, Zoltán Fábri, János Herskó eta Miklós Jancsó ere. Hungarian 500 museo baino gehiago dago, eta urtero 2.000 erakusketa inguru antolatzen dira. ■ Ekonomia. 1989. urte arte Hungariako ekonomia eredu sozialistari jarraitu zitzaion. Bi mundu gerren artean Europako nazio atzeratuenentakoa zen, baina 1950. urtetik aurrera egin ziren berrikuntzei esker industriak gero eta indar handiagoa hartu zuen nekazaritzaren aldean. Edonola ere, komunismoaren garaian ere, Hungariako ekonomiak herrialde kapitalisten ezaugarri batzuk zituen. Gero gobernuak ateak zabaldu zizikien ekimen pribatuari eta atzerriko kapitalari, eta estatuak enpresa asko pribatizatu zituen. Gaur egun, lurraldearen erdia baino gehiago landuta dago, eta garia eta artoa egiten da batez ere, garagarra, azukre erremolatxa, barazki, fruta eta mahatsaz gainera. Abeltzaintzan zerri hazkuntza da jarduera garrantzitsuena. Mea baliabide nagusia bauxita da; iparraldean, Bakony mendietan, ateratzen da gehiena. Energia sortzeko meen artean, lignitoa eta ikatza dira garrantzitsuenak. Lignitoa iparraldean ateratzen da, eta ikatza hego-mendebaldean, Pecs hiritik hurbil. Petrolio eta gas hobi txiki batzuk ere badira. Industriak gero eta garrantzi handiagoa hartu du XX. mendearen azkeneko urteetan. Budapest da industriagune nagusia: elektronika, telekomunikazioak, kimika, automobilak, ehungintza, janari industria. Hiritik 60 kilometro hegoaldera dago herrialdeko siderurgia lantegi nagusia, eta Gyor-en, berriz, trenaren inguruko industria handia. Energia gehiena zentral termikoetan eta zentral nuklear batean, Budapesten hegoaldean, sortzen da. ■ Historia. Gaur egungo Hungariak hartzen duen lur eremuan historiaurreaz gero bizi izan da jendea. K.a. III. mendean Tčne kulturako zelta herriak heldu ziren lur horietara, eta K.a. I. mendean daziarrak egon ziren harik eta, erromatarrek, lurraldea hartu zuten arte K.a. I. eta II. mendearen artean. Mendebaleko Erromatar Inperioa desegin zenean barbaro herri askok hartu zuten lurraldea: bandaloak, alanoak, hunoak, bulgariarrak, avaroak eta, azkenik, kristau bihurtu ziren eta Hungariako erreinua sortu zuten hungariar edo magyarrak. Bela III.a (1172-1196) erregearen agintaldiaren ondoren, aitonen semeek gero eta indar handiagoa lortu zuten erregeen kaltetan. 1241ean mongolek beretu zuten erreinua, eta jende asko hil zuten. Ordu arte aginpidean egon zen Arpad dinastia desagertu zenean, Anjou etxeko Karlos I.ak lortu zuten agintaritza (1308). Karlos I.aren ondorengoak, Luis I.a Handiak (1342), Balkanen iparralderaino hedatu zuen erreinua, eta Buda hirian (Budapest, gero) jarri zuen gortea. Erreinuaren garairik oparoena Matías Corvino-ren (1458-1490) agintaldian izan zen: sartaldeko monarkien antzerako gortea inguratu zuen eta sortalderantz hedatu zuen erreinua. Corvino hil ondoren, erregetzara iristeko borrokek monarkiaren ahalmena ahuldu zuten, eta 1526an turkiar otomanoak beretu zuten lurraldea, Luis II.a erregea Mohacs-eko guduan garaitu ondoren (1526). 1686. urtean, Austriako habsburgotarrek turkiarrak kanpora egotzi zituzten eta mendean hartu zuten lurraldea. Austriak indarrean jarri zuen zentralismoak Hungariaren independentzia nahia suspertu zuen eta herria matxinatu egin zen. 1848an, Lajos Kossut-en gidaritzapean, iraultza liberala izan zen, eta hungariarrek independentzia aldarrikatu zuten austriarren kontrako garaipena lortu ondoren; hala ere, austriarrek matxinada gogor zanpatu eta aginpidea eskuratu zuten berriro. Austriaren eta Prusiaren arteko gerran austriarrak galtzaile atera zirenean (1866), Austria-Hungariako Inperioaren indarra ahuldu egin zen eta Francisco José enperadoreak nolabaiteko autogobernua eman behar izan zion lurraldeko zati bati. Lehen Mundu Gerran Austria galtzaile izan zen eta handik gutxira desegin zen Austria-Hungariako Inperioa. 1919ko azaroaren 16an, Mihaly Karolyi-ren gidaritzapean zegoen batzorde nazionalak errepublika independentea izendatu zuen Hungaria. Urte bereko martxoaren 21ean, Karolyiren gobernu sozialdemokrataren ordez sobietar errepublika ezarri zen indarrean, eta Bela Kun errepublikaren buru. Kun-en gobernu komunistak eliza katolikoari aurre egin behar izan zion eta oposizioko indar guztiak gogor zapaltzen ahalegindu zen. Miklso Horthy almiranteak, Errumaniako gudarosteak lagunduta, erregimen komunista kentzea lortu zuen 1919ko abuztuaren 4an, eta parlamentu monarkia ezarri zen berriro. 1920ko uztailean Hungariak eta aliatuek Trianon-n izenpetu zuten hitzarmenaren arabera, Hungariako eremua 325.411 km2 izatetik 92.963 km2 izatera laburtu zen. Ondorengo urteetako ekonomia krisiak eskuindarren erreakzioa izan zuen ondorio, eta Istvan Bethelen kontserbadorearen gobernualdian sindikalistak eta juduak esetsi zituzten (“izualdi zuria”). 1938an Hungariak eta Alemaniak bat egin zuten (Vienako hitzarmena) eta Eslovakiako hegoaldea eta Karpato-Rutena lurraldea berreskuratu zuten austriarrek, baina Alemaniak Bigarren Mundu Gerra galdu zuenean Hungariak lurralde horiek atzera itzuli behar izan zituen eta 330 milioi dolar ordaindu indemnizazio gisa. 1947an komunistek lortu zuten aginpidea, eta eratu zen konstituzio berriak Herri Errepublika bilakatu zuen Hungaria. Urte hartatik aurrera SESB-ren politika ereduari jarraitu zitzaion. 1956an gobernu komunistaren kontra matxinatu zen herria; Europako sortaldeko nazioek ez zuten esku hartu eta sobietar gudarosteak gogor zanpatu zuen matxinada, eta jende asko hil. Hurrengo urteetan ekonomiaren egoera hobetuz joan zen, industria indartzearekin batera, Hungariako Langileen Alderdi Sozialistako buru Janos Kadar komunistaren gidaritzapean. ■ Janos Kadarrek arazo handiei aurre egun behar izan zien 1986an, gazteen martxa bat gogor zapaldu zuenean, eta bi urte geroago, Budapesten herritarrek erreformak eskatzen hasi zirenean. Gobernuak prentsa zentsura lasaitu behar izan zuen, eta sindikatuak eta alderdi politikoak baimendu zituen. 1986 eta 1988 bitartean Danubioan presa handi bat eraikitzearen aurkako protestak egin zituzten hungariar eta austriar ekologistek. Presa egitea Hungaria eta Txekoslovakiaren proiektu bat zen, eta Austriaren babesa zuen. Tirabira askoren ondoren, gobernuak proiektua bertan behera uztea erabaki zuen azkenean. 1989ko urtarrilean Legebiltzarrak greba eskubidea, manifestazio eskubidea eta elkarte politikoak sortzeko eskubidea onartu zuen legez. Urte hartan bertan Hungariako Langileen Alderdi Sozialistak alderdi bakarreko sistema arbuiatu zuen. 1989ko martxoan hauteskundeak egitea eta sobietar gudarostea Hungariatik joatea eskatu zuten 100.000 pertsonak Budapesten. Alderdi Sozialistak eta oposizioak Hungariako Errepublika aldarrikatzea eta alderdi bakarreko gobernu sistema deuseztatzea hitzartu zuten. Varsoviako hitzarmeneko herrialdeen artean Hungaria izan zen gerra hotzaren nazioarteko loturak hausten aurrena. 1989. urtearen bukaeran Hungariako Langileen Alderdi Sozialista Hungariako Alderdi Sozialista bihurtu zen, baina sektore batek lehengo izenari eutsi zion. 1990eko hauteskundeetan Hungariako Foro Demokratikoak botoen % 43 eskuratu zuen eta gobernua antolatu zuen bi alderdi txikiren laguntzarekin; Alderdi Sozialistak eta Langileen Alderdi Sozialistak, berriz, botoen % 10,3 eta % 3,5 eskuratu zituzten. Hungariako Lehen Ministroa eta Txekoslovakiako eta Poloniako presidenteak Krakovian elkartu ziren 1991. urtearen bukaeran, herrialde horien elkarren arteko lana sustatzeko. Hiru agintariek NATOrekin, Mendebaldeko Europar Batasunarekin eta Europar Ekonomia Erkidegoarekin harremanak sendotzeko asmoa azaldu zuten. Garai hartan Hungariak zuen Europa osoko kanpo zorrik handiena: 1990ean familia batek oinarrizko kontsumo gaiak erosteko pertsona baten soldataren % 75 behar zuen; hurrengo urtean, soldataren % 90. Hungariako 10 milioi biztanleetatik 2 milioi behartsu ziren. Krisi egoera hartan, manifestazio nazionalistak eta xenofoboak ugaldu ziren. Foro Demokratikoko lehendakariordeak, István Csurka idazleak, manifestu bat plazaratu zuen, komunistei, liberal “sartaldetarrei”, ijitoei eta juduei leporatuz klima soziala usteltzearen erantzukizuna. Handik egun gutxira manifestazio handi bat egin zen (70.000 pertsona inguru), alderdi politiko desberdinek deitua, demokraziaren alde eta erradikalismoaren aurka. Justiziak, bestalde, berrogeita zortzi neonazi kondenatu zituen ijitoei eta atzerritarrei eraso egiteagatik. 1993ko urrian Peter Brorossek hartu zuen Lehen Ministro Joszef Antallen lekua. Budapesten, kutsadura handia zela eta, hamar egunez haurrak kalera ez ateratzea gomendatu zen. 1994ko martxoan, hauteskunde kanpainaren erdian, gobernuak irrati publikoko 129 kazetari kaleratu zituen, eta bertan behera utzi behar izan ziren estatuko hiru irratietan hogeita hamar bat kultura eta politika programa. Maiatzeko hauteskunde orokorretan Gyula Hornen Hungariar Alderdi Sozialistak botoen % 54 eskuratu zituen, 386 aulkietatik 208. Demokrata Libreen Aliantzak, berriz, aurreko hauteskundeetan baino hogei aulki gutxiago eskuratu zituen (70), eta Foro Demokratiko ofizialista 165 aulki izatetik (botoen % 43), 37 izatera igaro zen (botoen % 10). Horn izendatu zuten Lehen Ministro. Urtearen bukaeran udal hauteskundeetan berretsi zuten komunistek beren nagusitasuna. 1995eko martxoan, baina, defizitari aurre egiteko neurri ekonomiko gogor batzuk onartu ondoren, herritarren babesa galdu zuen. 1997ko lehenengo hilabeteetan Hungaria NATOn sartzeko negoziazioak hasi ziren. Hungariak bere lurraldean arma nuklearrak jartzea eta NATOko gudarosteak hartzea onartu zuen. Azaroan, erreferendum bidez, boto emaileen % 85ek Hungaria NATOn sartzearen alde bozkatu zuen. Hautesleen erdiak, ordea, ez zuen parte hartu bozketan. 2000. urtean Ferenc Mádl (independentea) hautatu zuen Biltzar Nazionalak lehendakari, eta 2002ko parlamenturako hauteskundeetan sozialisten eta demokrata liberalen koalizioak irabazi zuen, gehiengoarekin; Peter Medgyessy izendatu zuten Lehen Ministro. 2004an Hungaria Europar Batasunean sartu zen, beste bederatzi herrialderekin batera. Ferenc Gyurcsány hautatu zen 2006an Lehen Ministro eta Iraken zituen militarrak Hungariara itzuliko zirela adierazi zuen. 2007an ehun mila pertsona inguruko manifestazio batek lehendakariaren dimisioa eskatu zuen, onartu baitzuen 2006ko hauteskundeak irabazteko, gezurra esan zuela aurrekontuei buruz.
http://www.magyarorszag.hu/