Hume, David
Eskoziar filosofoa (Edinburgo, 1711 - Edinburgo, 1776). Merkataritzan ari izan ondoren, Frantziara jo zuen ikastera. Han prestatu zuen Giza izaeraren tratatua (A Treatise of Human Nature, 1739). Britainia Handira itzulirik, beste obra batzuk argitaratu zituen: Saio moral eta politikoak (Essays, Moral and Political, 1741-1742); Giza adimenari buruzko ikerketa (An Enquiry Concerning Human Understanding, 1751); Moralaren printzipioei buruzko ikerketa (An Enquiry Concerning the Principles of Morals); Erlijioaren historia naturala (1757). Edinburgoko abokatuen elkargoko liburuzain izendatu zuten. Han idatzi zuen Ingalaterrako Historia ospetsua (1754, 1756, 1759). Gero, Britainia Handiko enbaxadorearen idazkari gisa itzuli zen Parisa (1763-1766); bertan, Rousseau eta bere garaiko idazle onentsuenekin harremanetan sartu zen. 1769an bere sorterrira erretiratu zen. Hil ondoren, haren beste obra batzuk argitaratu ziren; hala nola Erlijio naturalari buruzko solasaldiak (Dialogues Concerning Natural Religion, 1779). v Humeren filosofiak Locke-ren enpirismoa eta Berkeley-ren idealismoa ditu oinarri: esperientzia da ezagutzaren iturri bakarra eta ez dago baliozko ezagutzarik esperientziaren baitara bil daitekeena baino. Filosofia moralari dagokionez, Humerentzat, pertzepzio morala ez da adimenaren kontua, gustuena edo sentimenduena baizik. Humek eragin handia izan zuen Kant-engan eta Adam Smith-engan, eta Smith-en bitartez ekonomialari liberal klasikoengan. Ekonomiari buruzko saiakerak ere idatzi zituen, bereziki dirua, interes tasak eta nazioarteko merkataritza gai harturik.