Humboldt, Wilhelm von
Alemaniar filologoa, hizkuntzaren filosofoa eta diplomatikoa (Potsdam, 1767 - Tegel, Berlin ondoan, 1835). Zuzenbidea, ekonomia, arkeologia eta filosofia ikasketak egin zituen. Weimar-eko poetak ezagutu zituen, Goethe bereziki. Parisen bi urteko ikastaldia eman ondoren (1797-1799), Euskal Herrian bi aldiz (1800-1801) izan zen hemengo hizkuntzak erakarririk, eta Mogel eta Astarloa ezagutu zituen. Izpiritu grekoaren eta izpiritu alemanaren arteko kidetasun sakona nabarmendu zuen eta ideal klasiko humanista gauzatzen ahalegindu zen. Berlingo unibertsitatearen sortzaileetarikoa (1810) eta lehen erretorea izan zen. Prusiako enbaxadore izan zen Erroman, Vienan eta Londresen. Napoleonen gerren amaiera ekarri zuten itunetan esku hartu zuen, Prusiaren aldeko arduradun ahalguztiduna izan zelarik (1813-1815). Ministroa izendatu zuten 1818an eta, joera liberalekoa baitzen, demokraten aurkako jazarpenari aurre egin zion eta dimititu behar izan zuen (1819). Harrezkero hizkuntza ikerketari ekin zion. Izan ere, euskaraz gainera hainbat hizkuntzaz arduratu zen bere bizitzan: Ameriketako hizkuntzak, sanskritoa, txinera, hungariera, malaiera, javanera, egiptoera. Humboldtentzat hizkuntzaren gaitasuna izatez unibertsala den arren, hizkuntza bakoitzaren barne egitura (innere Sprachform) bera mintzo duen herri edo nazioaren bereizgarria da eta horrek aski eraginik badu hiztunarengan munduarekiko ikuspuntua moldatzen eta esperientziak antolatzeko nahiz sailkatzeko. Hizkuntzen egitura eta haien sailkapenari ematen dien garrantzia dela eta, hizkuntzalaritza konparatuaren sortzaileen artean eta estrukturalismoaren aitzindaritzat jo izan ohi da. Humboldten eragina handia izan da XX. mendeko hizkuntza eta antropologiari buruzko pentsamenduan (Croce, Cassirer, Chomsky). Alor honetan obra garrantzitsuak egin zituen: Über das vergleichende Sprachstudium in Bezug auf die verschiedenen Epochen der Sprachentwicklung (1820, Hizkuntzen ikerketa konparatua garapen linguistikoaren egoera desberdinen arabera). Guztiz ezaguna da Über die Verschiedenheit des menschlichen Sprachbaues und ihren Einfluss auf die geistige Entwicklung des Menschengeschlechts (Giza hizkuntzen egiturazko desberdintasuna eta beronen eragina gizadiaren garapen intelektualari dagokionez) izenburuko saioa, amaitugabe utzi zuen bere obra nagusian atariko gisa argitaratua: Über die Kawisprache auf der Insel Java (1830-1835, Java uharteko kawi hizkuntzaren gainean). v Euskara eta iberoaren arteko lotura izan zuen aztergai, garai hartan euskararen jatorriari buruz indarrean zegoen teoriaren ildotik: euskara Iberia zaharreko hizkuntza izan zen eta, ondorioz, Europako zaharrena. Gai hori aztertzen du Prüfung der Untersuchungen über die Urbervohner Hipaniens vermittelot der Vaskischen Sprache (1818, Hispaniako lehenengo biztanleei buruzko ikerketa) lanean.
- Hulse, Russell A
- humanismo
- humanista
- Humaran
- Humboldt, Alexander
- Humboldt, Wilhelm von
- Hume, David
- Hume, John
- Humedo
- humus
- Hun Sen