Huidobro, Vicente
Txileko idazlea (Santiago de Chile, 1893 - Cartagena, Txile, 1948). Europara bidaia eginik (1916), Parisen bizi izan zen lehenik eta han sartu zen harremanetan mende hasierako abangoardia artistikoarekin (Arp, Picasso, Apollinaire). Kreazionismo deituriko dotrina plazaratu zuen (tradizio poetiko guztiaren ukatzea, barreneko sormen ekintza gisa hartzea poesia). Madrila joan eta Ultra aldizkariko lankide izan zen. Espainiako Gerra Zibilean parte hartu zuen. Frantsesez eta espainieraz idatziriko poesian asmakuntza ahalmen nabaria azaldu zuen eta Hego Ameriketako mendearen lehen erdiko poesiaren berritzaile handia da, eta geroagoko belaunaldietan ere eragina izan du. Hona Huidobro-ren poesia liburu batzuk: Adán (1916), Ecuatorial (1918), Tout à coup (1925), Altazor o el viaje en paracaídas (1931). Halaber prosazko obran zenbait eleberri aipatzekoak dira: Mío Cid Campeador (1929), Cagliostro (1934).