Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Honda

Japoniako auto eta motozikleta fabrikatzailea, 1948. urtean sortua. Motozikletak egiten hasi zen eta erabat aldatu zuen industria hori, Europako zilindro handiko motozikleta fabrikatzaile tradizionalak desagerrarazteraino; kirol motozikletaren kontzeptu berri bat sortu zuen. 1962an motozikletez gainera, autoak ere fabrikatzen hastea erabaki zuen Hondak; auto txikiak egiten hasi zen horrela, mota horretako autoen eskaria gero eta handiagoa baitzen Japonian. Auto horiek, bestela badirudi ere, oso teknologia aurreratua dute, eta kirol auto txikien antzekoak dira: S 600 autoak, esaterako, 606 zentimetro kubikoko motorrarekin, 57 zaldiren indarra du. Antzeko ezaugarriak ditu, baita ere, S 800 autoak, aurrekoa baino handixeagoa eta lau zilindroko motorrarekin. Baina Honda etxearen urterik onenak 1970eko hamarraldikoak izan ziren, Civic txiki arrakastatsua agertu zenez geroztik. Besteak beste, transmisio automatikoa zuen, auto txikiek ohi ez bezala. Hamarraldiaren erdialdean auto handiagoa egin zuen, Accord, merkea eta gutxi kontsumitzen zuena. Hamarraldi haren bukaeran, berriz, merkatuaren beste alor batzuk bereganatu nahian, Prelude aurkeztu zuen; Honda etxeko auto guztiak bezala, teknologiaren berritasunagatik eta kalitateagatik nabarmendu zen hura ere. Hurrengo urteetan Europako merkatura zabaldu eta lantegia jarri zuen Britainia Handian. Aurrez aipaturikoez gainera, Hondaren modelo aipagarria da NSX kirol autoa, ospe handiko marketako beste auto batzuen parekoa baina haiek baino askoz merkeagoa.