hondakin
iz. Erabili, eta desegin eta suntsitu ondoren bereziki, zerbaitetatik gelditzen dena.
■ Hondakin toxikoak eta arriskutsuak. Beren osagaiek edo osagaien nahasturak gizakiaren osasuna, baliabide naturalak edota ingurumena arriskuan jar ditzaketen gaiak (solidoak, isurkariak edo gasak). Hondakin toxiko eta arriskutsuak dira, adibidez, botika gaiak, olio erabiliak, edota merkurioa duten pilak. Hauek dira hondakinak arriskutsu bihurtzen dituzten gai nagusiak: metal astunak, zianuroak, dibentzo-p-dioxinak, biozidak eta gai fitosanitarioak, eterrak, amiantoa, hidrokarburo aromatiko poliziklikoak, fosforoa eta fosforotik eratorritako gaiak, eta fluorraren osagai inorganikoak. Meatzaritza, zentral nuklearrak eta industria (paper fabrikak, industria kimikoa, burdingintza, eta abar) dira hondakin toxiko eta arriskutsu gehien sortzen dituzten jarduerak. Gai horien oinarrizko kudeaketa sistemak erraustea, tratamendu kimiko-fisikoa ematea, segurtasun gordailuetan gordetzea, eta berreskuratzea dira. ■ Hondakin urak. Pertsonen jardueren eraginez kutsatzen diren uren multzoa. Etxeko zereginetan, esaterako, ura kutsatu egiten da, gorotzekin eta xaboiarekin batez ere. Nekazaritzako eta abeltzaintzako lanek ere ibai eta akuiferoetako ura kutsatzen dute; kutsatzaile handienak hondakin organikoz –landare hondarrak eta animalia gorotzak– betetako ur isurtzeak dira. Uraren beste kutsadura iturrietako bat industriak dira. Gai organikoz, metalez, olioez eta are erradioaktibitatez ere kutsatutako ura isurtzen dute industria askok (papergintzak, ehungintzak, burdingintzak…), uraren beharra baitute. Hondakin urek sor ditzaketen arazoei aurre egiteko, eta urari jatorrizko ezaugarri fisiko eta kimikoak emateko, ur araztegiak erabiltzen dira.