Hogwood, Christopher
Britainiar orkestra zuzendaria (Nottingham, 1941). Bere garaiko musika jotzen hasi zuen zuzendari karrera, baina Erdi Aroko musikara aldatu zen gero: Londresko Early Music Consort taldearen sortzaile eta kide izan zen, 1967-1976 bitartean. Garai hartan, Barrokoko musika zuzendari gisa espezializatu zen, eta partitura historikoak berreskuratzeaz ere arduratu zen. 1973an Academy of Ancient Music akademia sortu zuen –Britainia Handian musika barrokoa eta klasikoa bere garaiko tresnekin jotzeko sortu zen lehenengo orkestra–, eta orkestra hartako zuzendari izan da harrezkero. Ospe handiko orkestra da, hainbat disko grabatutakoa, eta mundu zabalean kontzertu asko eskainitakoa. Orkestra zuzendari gisa, London Philarmonic Orchestrako zuzendari izateaz gainera, Europako eta Estatu Batuetako beste musika talde askotan lagundu du: Bostongo Sinfonikoan, Chicagoko Sinfonikoan, Clevelandeko Orkestran, Los Angelesko Filarmonikoan… 1988an Minnesotako (Estatu Batuak) Saint Paul ganbera orkestraren musika zuzendaritza onartu zuen, programazio orokorraren eta orkestraren politika artistikoaren arduradun gisa. Oso ezaguna da, baita ere, XVIII. mendeko musikagile handiez egindako bertsioengatik; erromantizismoaren garaiko eta XX. mendeko obrak jotzen ditu, eta klabezinista bikaina da. Musikologo eta musika-jotzaile gisa, musika barrokoaren eta klasikoaren soiltasuna adierazteaz arduratu da batez ere. Musikari buruzko zenbait liburu idatzi du.