hiztegigintza
iz. Sin. lexikografia. Hiztegiak egiteko antzea. v Hiztegiak egiteko eta hitzak sailkatzeko erabiltzen diren irizpideak lexikografiak aztertzen ditu. (ik. lexikografia). Antzinako hiztegiak hitz zerrendak biltzeko baino gehiago hizkuntzen arteko desberdintasunak azaltzeko eta hizkuntzaren hitzen esanahien gorabeherak biltzeko egin ziren. Greziarrek antzinako literaturako hitzak biltzen zituzten hiztegietan. Latinezko hiztegiek eragin handia izan zuten latinaren irakaskuntzak indarra izan zuen garaian. Erdi Aroan berriz, bi hizkuntzetako hiztegiak edo glosarioak eta bi hizkuntza baino gehiagoetakoak ugaritu ziren Europa osoan. v Euskal hiztegigintza. Euskal hiztegigintzaren emaitza ez da oso zabala izan, eta gainera, lan batzuk argitaratu gabe geratu dira edo aipamen hutsez ezagutzen dira (Pouvreau, Harriet, D´Urte, Duvoisin, Azpitarte, Bidegaray, Hiribarren). Hala ere, oso mota desberdinetako hiztegiak egin dira eta sailkapena egitea ez da erraza. Hiztegiaren hedadura kontuan hartzen bada, hiztegi orokorrak dira Larramendik, P. Mujikak, R. M. Azkuek eta Lhandek adibidez egin zituztenak; hiztegi sinkronikoak ere egin dira (X. Kintanarena adibidez). Idazle baten edo liburu baten hiztegiak (L. Villasanteren Axularren hiztegia); euskalki batekoak (beste askoren artean, K. Izagirrerena, Oñatiko euskararena); glosarioak (Deen, Glossaria duo Vasco-Islandica) eta toponimoen eta antroponimoen zerrendak (K. Mitxelenaren Apellidos vascos; J. Kerexetaren hiztegia). Hiztegiaren hedaduraz gainera, hiztegi sailkapenak egiteko hiztegian erabiltzen diren hizkuntzak ere hartzen dira kontutan. Horren arabera, euskarazko hiztegigintzan gehienetan hizkuntza bat baino gehiago erabili da (euskara-gaztelera, euskara-gaztelera-frantsesa; euskara-gaztelera-latina-frantsesa…), eta ia gaur arte ez dira euskara-euskara hiztegiak egin. Hiztegigintzak eragin handia izan du euskararen erabileran, eta gramatikari asko hiztegigile izan zirenez gero, askotan hiztegietan gramatiketan edo teoriazko lanetan proposatzen zituzten ereduak beren hiztegietan erabili zituzten (Larramendiren edo Sabino Aranaren neologismoak adibidez). Gaurko hiztegigintzako bi lan azpimarragarrienak K. Mitxelenak hasitako Orotariko euskal hiztegia eta I. Sarasolaren Hauta-lanerako euskal hiztegia dira; lehenengoak, euskal literaturan erabili diren hitzen zerrendetatik abiatuta, historian zehar hitz bakoitzaren erabilera guztiak jaso eta sailkatzen ditu; bigarrenak Mitxelenarena du oinarri eta bertatik euskara estandarrean erabiltzeko hitzak aukeratzen dira, eta euskaraz ematen ditu hitzen definizioak.