hizkuntzalaritza
iz. Sin. linguistika. Hizkuntza adierazpide edo sistematzat hartua, edo hizkuntzen arteko harremanak aztertzen dituen jakintza. v Hizkl. Sistema bat dela kontuan hartuta aztertzen du hizkuntza hizkuntzalaritzak. Sistema horren izaera, egiturak, osagaiak eta berezitasunak dira hizkuntzalaritzaren aztergaiak. Teoriazko hizkuntzalaritza esaten zaio hizkuntzak oinarrian duen egitura azaltzeko teoria ematen saiatzen denari, eta hizkuntza baitan aplikatua hizkuntzalaritzaren kontzeptuak pedagogiazko helburu baten mendean jartzen dituenari. Bestalde, sinkroniazko hurbilpena erabil dezake hizkuntza aztertzeko (hizkuntza jakin bat aztertzea une jakin batean) edo diakroniazkoa (hizkuntza jakin baten bilakaera historian zehar). Teoriazko hizkuntzalaritzaren joera da hizkuntzaren egiturak hiztunen erabilera jakinetatik kanpo uztea eta honen ondorioz, hizkuntza deskribatzeko sinkroniazko azterketak erabiltzea; era berean, ez ditu hizkuntzaren ezagupena, erabilera eta antzeko gairik aztertzen, eta gai horiek psikolinguistikaren, soziolinguistikaren eta antropologiazko hizkuntzalaritzaren esku geratzen dira.Hizkuntzalaritzaren historia. Panini indiar gramatikariaren lanak dira hizkuntzalaritzari hasiera eman ziotenak (India, IV. mendean): sanskrito zaharra finkatu zuen eta azterketa morfosintaktiko zehatzak egin zituen. Grezia zaharreko filosofoek K.a. V. mendean teoriazko hizkuntzalaritzaren alorreko lehenengo azterketak ezagutzera eman zituzten (giza hizkuntzaren jatorria eta grekoaren gramatika). Greziar gramatikariek erromatarrengan eragin handia izan zuten, eta ondoren, Erdi Aroan eta Errenazimentuan egin ziren erromantze hizkuntzetako gramatiketan. Salbuespen gutxi batzuk alde batera utzita, gramatikari gehienek latina eta grekoa aztertu zituzten edo lekuan lekuko hizkuntzak deskribatu eta nola zuzen erabili irakatsi zuten. Errenazimentuaren ondoren munduko hizkuntzak aztertzeko zaletasuna areagotu egin zen, eta XIX. mendean hizkuntzalaritzak jakintza izaera lortu zuen. XIX. mendeko hizkuntzalaritzak deskribapen diakronikoak egiteko konparaketa lanetan hartu zuen oinarria, eta hainbat hizkuntzetako hiztegia, egiturak eta fonologia aztertu ziren antzinako hizkuntza ama bakarra aurkitu nahian. Hizkuntzalaritza historikoak sanskritoak, grekoak eta latinak elkarren arteko harremanak zituztela aurkitu zuen, eta Europako hizkuntza gehienek proto-indoeuroparra zutela antzinako sorburu. Ferdinand de Saussure hizkuntzalari suitzarrak berrikuntzak ekarri zituen hizkuntzalaritzara XIX. mende bukaeran: hizkuntzalaritza diakronikoa eta sinkronikoa bereizi zituen alde batetik, eta bestetik, hizkuntza (langue, hizkuntzaren ezkutuko egitura birtuala) eta hizketa (parole, hizkuntzaren egituraren gauzatzen jakina) ere bai. Saussure hil ondoren bere Cours de Linguistique Générale (1916) argitaratu zenean, garai berri bat hasi zen hizkuntzalaritzan: estrukturalismoa. Saussure-ren ustez hizkuntzaren (langue) izaera aztertu behar zuen hizkuntzalaritzak. ik. estrukturalismo. 1950. urterako hizkuntzalari batzuek estrukturalistei salatu zieten ez zutela behar bezain kontuan hartzen giza hizkuntzaren adimenezko izaera, eta azalean ez zeuden gertaerak ez zituztela aztertzen. Noam Chomsky, Estatu Batuetako hizkuntzalariak, estrukturalistei aurre egin zien hizkuntza guztietan egitura unibertsalak zeudela esan zuenean, eta berriro ere hizkuntzalaritzaren helburuak aldatu zituen. Hizkuntza aztertuz adimenaren lana aztertu nahi izan zuen, eta estrukturalistek baztertutako teoria mentalistari garrantzia eman zion. Hizkuntzaren ezagupen inkontzientea (competence) aurkitzea zuen helburu, esaldi kopuru amaigabea (performance) azterketaren oinarrian zuela. Gramatika sortzaile-bihurtzailea deitu zitzaion joera honi. 1957an Chomskyk lehenengo aldiz aipatu zuenez geroztik, gramatika sortzaileak etengabe izan ditu aldaketak. 1970. urteaz gero, hizkuntzalaritza sortzaileak sintaxiaren eta semantikaren arteko harremanak aztertu ditu batez ere. ik. Chomsky, Noam.