hizkuntza
iz. Giza talde batek elkarrekin komunikatzeko duen hitzezko adierazpidea, mintzaira. || Hitzak adierazpidetzat erabiltzeko gaitasuna, hitzezko adierazpidea sistema edo egituratzat hartuta. ◊ Hitzen bidezko adierazpide horretaz, formaren aldetik egiten den erabilera. v F. de Saussure-rentzat eta estrukturalistentzat erlazio sistema gisa hartu behar da hizkuntza. Sisteman duen tokiaren arabera, hots, beste unitateekin dituen harremanen arabera definitua da hizkuntza unitate bakoitza (fonema, morfema, sintagma). Beren baitatik kanpo dagoen sistema hori ikasi eta erabiltzen dute hiztunek. Gizarteak sortu duen zer abstraktua da hizkuntza, hiztunek baliatzen dutelarik hizketan mamitzen dena. N. Chomskyren ildotik sortu den hizkuntz teoriaren arabera, berriz, hizkuntza mintzamena da, esan nahi baitu giza banakoek beren baitan sortzez duten mintzatzeko gaitasun berezia. Ikusmolde horretan, izaera psikikoa du, bera, hizkuntzak, hiztunek ingurumenaren arabera garatzen baitute beren baitako hizkuntz gaitasuna. v Munduko hizkuntzak. Geografiaren arabera munduko hizkuntzen banaketa era honetara egin daiteke: Europa, Hegoaldeko Asia, Iparraldeko Asia, Hego-mendebaleko Asia, Ekialdeko Asia, Hego-ekialdeko Asia, Afrika, eta Amerika. Europako hizkuntza gehienak hizkuntza indoeuroparren eta fino-ugriarren familiakoak dira. Europako hizkuntza indoeuroparrak dira eta hizkuntza italikoen erromantzeen taldekoak: galegoa, portugesa, gaztelania, katalana, okzitanoa, frantsesa, retoromanikoa, italiera eta errumaniera. Hizkuntza germaniarrak, berriz, ingelesa, alemana, frisiera, norvegiera, suediera…; hizkuntza zeltiarren taldekoak: bretoierak, Irlandako gaelikoak, eta Eskoziako gaelikoak. Hizkuntza eslaviar nagusiak eslaviera, errusiera, poloniera, serbo-kroaziera dira. ik. eslaviar. Hizkuntza indoeuroparren saileko beste hiru adarrak Baltikoko hizkuntzak, grekoa eta albaniera dira. Fino-ugriarren familiakoak: laponiera eta hizkuntza baltiko-finiarrak, Norvegian, Suedian, Finlandian, Estonian eta Errusian hitz egiten direnak. ik. indoeuropar. Hegoaldeko Asian (India, Bangladesh, Pakistan) hizkuntza indo-ariarrak eta irandarrak hitz egiten dira, hizkuntza indoeuroparrak alegia. Hizkuntza indoariarren sailean 20 hizkuntza baino gehiago badira eta dialekto gehiago, baina zabalduenak bengali-assamesea, sartaldeko hindia, biharia eta sortaldeko hindia dira; hizkuntza irandarrek hiztun gutxiago dituzte indo-ariarrek baino, eta kashmiria eta shina dira zabalduenak. Badira bestelako hizkuntza batzuk ere, dravidiar hizkuntzen taldekoak (tegulua, tamila) eta sino-tibetar hizkuntza gutxi batzuk. Hegoaldeko Asian europarren kolonia izandako lurralde batzuetan ingelesa hitz egiten da. Iparraldeko Asiako hizkuntzak dira Ozeano Artikotik hasi eta hegoaldeko Asiaraino, Txinako hegoaldean, eta Kaspiar Itsasotik Uraletaraino hitz egiten direnak. Uraletako familiako hizkuntzak, altaikoak, indoeuroparrak eta paleosiberiarrak dira. Hizkuntza indoeuropar gehienak, iraniera esate baterako, Asiako iparraldean berriki sartuak dira. Hizkuntza paleosiberiarrek jatorrizko harremanak dituzte Asia iparraldeko beste hizkuntzekin, eta Siberiako ipar-ekialdean hitz egiten dira. Hego-mendebaleko Asian (Iran, Irak, Saudi Arabia, Jordan, Siria, Libano eta Israel) hizkuntza indoeuroparrak, turkiarrak, kaukasiarrak eta semitikoak hitz egiten dira. Ia hizkuntza irandar guztiak (persiera, paxtuera, kurduera eta balutxia tartean) hitz egiten dira Iranen; armeniera Armenian; hizkuntza turkiarrak Turkian hitz egiten dira eta baita Kaukasoko lurraldeetan ere. Hegoaldeko Asian hitz egiten diren hizkuntza semitikoen artean ezagunenak Israelgo hebreera, Libanoko eta Siriako mendebaleko arameera dira, eta gaurko hegoaldeko arabiera, Saudi Arabiako hegoaldean eta inguruko uharteetan hitz egiten dena. Ekialdeko Asian hitz egiten diren hizkuntza nagusiak Txinako hizkuntza txinatarrak, japoniera, korearra eta hizkuntza altaikoak (uighur-a eta mantxua) dira. Mandarinera, wua eta kantonera dira gehien hitz egiten diren txinatar hizkuntzak, hain zuzen ere mandarinerak munduko hiztun kopuru handiena du. Tai-a eta miao-yao hizkuntzak Txinako erdialdean, Vietnamen, Laosen eta Thailandian hitz egiten dira. Hego-ekialdeko Asian (Txinako hegoaldea, Indiako sortaldea, Malaisiako uharteak, Indonesia eta Filipinetako uharteak) erabiltzen diren hizkuntza gehienek herrialdearen izen bera dute. Hizkuntza nagusiak austro-asiarren (khmer, mon, vietnamdarra etab; 50 baino gehiago), tai hizkuntzen eta sino-tibetarren hizkuntzen familiakoak dira; uharteetako hizkuntzak austronesiarrak dira, 500 baino gehiago dira, eta tagalog hizkuntza horien artean dago. Ginea Berriko eta Australiako hizkuntzak austronesiarrak ez diren hizkuntzetakoak dira, Ginea Berriko papua hizkuntzak eta Australiako bertako 200 hizkuntza. Afrikako herrialde askotan XIX. mendeko kolonialismoak eramandako hizkuntza europarrak hitz egiten diren arren, Afrikako bertako hizkuntzak hamito-semitiko, Nilo-Saharako, Niger-Kongoko, eta khoisan hizkuntzen familiakoak dira. Hizkuntza hamito-semitikoak Afrikako iparraldean hitz egiten dira Mauritaniatik Somaliaraino. Nilo-Saharako hizkuntzak Afrikako erdialdean hitz egiten dira. Niger-Kongoko hizkuntzak (900etik gora) Mauritaniatik Kenyara, eta hegoaldetik, Hegoaldeko Afrikaraino hedatzen dira. Khoisan hizkuntzak Afrikako hegoaldean eta Tanzanian hitz egiten dira, eta 50 inguru dira. Ameriketan Europako hizkuntzak (gaztelania, ingelesa eta frantsesa) dira hezkuntzako eta gobernuko hizkuntzak. Bertako indiarren hizkuntzen artean bi sail nagusi bereizten dira: Ameriketako indiarren iparraldeko eta erdialdeko hizkuntzen familiak eta hegoaldeko Ameriketako indiarren familiak. Ipar Ameriketako eta Erdialdeko Amerikako indiarren hizkuntzak 20 hizkuntza athabaskar, 13 algonkin, makro-siuarrak, eta penutiarra (Hego Ameriketan aztarnak utzi dituen talde honetako hizkuntza bakarra) biltzen ditu. Hego Ameriketako indiarren hizkuntzak gehiago dira. Ande-Ekuador taldeko hizkuntzak (14 familia eta ia 200 hizkuntza) Guyana Frantsesetik Kolonbiaraino eta hegoaldetik Paraguairainoko lurraldeetan hitz egiten dira, eta baita Amazonas ibaian zehar ere. v Hizkuntza bereziak. Sumeriera: idatzizko aztarna zaharrenak utzi dituen hizkuntza (K.a. 3.100. urtean, Mesopotamiako hegoaldean). K.a. 2.000. urte inguruan ahozko sumerieraren lekua hizkuntza akadio-semitikoak hartu zuen, baina idatzikoak ia Kristau Aroa hasi arte jarraitu zuen. Etrurieraz Italiako penintsulan erromatarren ondoan bizi zirenek hitz egiten zuten. K.a. VII. mende inguruan hasi eta Kristau aroraino iristen diren aztarnak aurkitu dira, baina etrurierak inguruko hizkuntzekin harremanik ez duenez gero, argitu gabe geratzen dira idatzizko aztarna horiek. Iberiera da Iberiar Penintsulan erromanizazioaren aurretik hitz egiten zen hizkuntzetako bat, eta zenbait aztarna utzi ditu. Euskara era berean Europan erromanizazioa gertatu baino lehen zeuden hizkuntzetako bat da, eta gaur arte iritsi den bakarra. ik. euskara.