historiaurre
iz. Idazkera asmatu aurreko gizadiari dagozkion gertaeren multzoa; delako gertaeren azterketa. v Historiaurrea XIX. mendean jaio zen zientzia gisa; garai hartan Boucher de Pertesek, Abbevillen indusketa lanak egiten ari zela, giza hezurrak eta harrizko tresnak aurkitu zituen desagertuta zeuden antzinako animalien fosilen eta aztarnen ondoan; hau da, geologia geruza berberetan zeuden denak. Han, egin zituen aurkikuntzak kronologiaren arabera sailkatu zituen geologia eta paleontologia irizpideak oinarritzat hartuta. Handik urte batzuetara, 1861ean, Edouard Lartet-ek ere irizpide haiek hartu zituen antzinako fosilak eta aztarnak paleontologia aroen barruan sailkatzeko. Antzinako gizonaren aztarna eta fosil berriak aurkitu ahala zientzia berri bat sortu zen, paleoantropologia izenekoa, geologiarekin batera, antzinako aztarnak sailkatzeko eta aroetan banatzeko laguntza handikoa izan zena. Harrezkero oso lotura estua izan dute hiru zientziok (historiaurreak, paleoantropologiak eta geologiak). v Historiaurreko aroak. Historiak egiten duen bezala historiaurreak ere hainbat arotan banatzen du denbora, azterketa egokiago egiteko eta aztarnak errazago sailkatzeko; aro horiek kultura materialen arabera sailkatzen dira, eta guztiz artifizialak dira. Gaur egun, hiru aro nagusi bereizten dira historiaurrean: Paleolitoa (behekoa, erdikoa, goikoa), Mesolitoa eta Neolitoa. Lehen harri kultura, Acheul aldikoa, Behe Paleolitoan sortu zen, eta badirudi Homo erectusa izan zela garai hartako gizon mota. Behe Paleolitoa orain dela 1.000.000 urtetik duela 200.000 urtera bitartean hedatu zen. Epipaleolitoa, berriz, orain dela 200.000 urtetik duela 35.000 urtera bitartean. Aldi hartako gizon mota Neanderthal gizona (Homo sapiens neanderthalensis) izan zen, eta kultura, berriz, Moustier aldikoa. Cro-Magnongo gizona (Homo sapiens sapiens) Europan agertu zenean, orain dela 35.000 urte inguru, hasi zen Goi Paleolitoa. Aurkitu diren garai hartako aztarna ugarien arabera, bost kultura edo aldi bereizten dira: Perigord aldia, Aurignac aldia, Gravete aldia, Solutre aldia eta Madeleine aldia. Mesolitoa K.a. 8000. urte inguruan hasi zen, Würn glaziazioaren bukaera aldean, eta bi dira garai hartako kulturak edo aldiak: Azil aldia eta Tardenois aldia. K.a. 5000. urte inguruan Neolitoko kulturen eraginak hasi ziren Europan sartzen Ekialde Hurbiletik; hala ere, Ipar eta Mendebal Europako herri askok ehiztari-fruitu biltzaile gisa iraun zuten Burdin Aroa arte. Metalezko tresnak etorri zirenean, hasi zen protohistoria Europan. Sailkapen horiek, hala ere, Europarako balio dute soilik, kontutan izan behar baita hezur eta harria lantzeko moduak hartzen direla erreferentzia gisa aro edo aldi bakoitza finkatzeko. Hala, Afrikarako, Asiarako, Amerikarako eta Ozeaniarako eskema hori bera erabiltzen da (Paleolitoa, Mesolitoa, Neolitoa), baina aro edo aldi bakoitzaren barnean guztiz desberdinak dira kulturak eta horien kronologiak. v Historiaurreko artea. Ezagutzen diren aurreneko arte adierazpenak Goi Paleolitokoak dira. Paleolitoko artea bi eratakoa da: batetik, labar artea edo haitzuloetako paretetan egindako irudiak eta grabatuak, eta, bestetik, harrizko eta hezurrezko tresnak, irudiak, apaingarriak eta eskultura txikiak. Harrizko eta hezurrezko gauzak noizkoak diren eta zer kulturatakoa edo alditakoa diren zehaztea ez da hain zaila, gauzak lur geruzen barruan egoten baitira. Aurignac aldikoak dira animalia irudien lehen grabatuak, eta hezurrean eginda daude guztiak; beranduago, Gravete aldian, “Venus” izeneko emakumezko lodien irudiak agertu ziren. Solutre aldikoak bide dira animalien irudi lakar batzuk. Madeleine aldia artearen piztueraren aldia izan zen, arte adierazpenak ugariak eta era askotakoak izan baitziren: errituzko gauzak, eguneroko tresnak, animalien irudiak… Orobat, kareharrian grabatutako animalien irudiak agertu ziren aldi hartan, haitzuloetako labarretan egindako animalien irudien antza handia zutenak. Labar artea noizkoa den zehaztea ez da batere erraza, pinturak eta grabatuak ez baitaude lur geruzetan, eta, beraz, ezin da zehatz jakin zer lotura dagoen arte estiloen eta erabilitako tresnen artean. Noizkoak diren zehazteko lur geruzetan agertu diren grabatuekin konparatu dira labarretako pintura estiloak. Gaur egun uste da animalien irudiak Solutre aldikoak eta Madeleine aldikoak direla. Alabaina, gaur gaurkoz ez dago modurik sinboloak eta esku inguruak irudikatzen dituzten pinturak noizkoak diren jakiteko; dena den, zenbait jakintsuren ustetan Aurignak aldikoak dira. Badirudi labarretako artea historiaurreko erlijio adierazpidea izan zela, izan ere, pinturak oso toki ezkutuetan egoten baitira haitzuloen barruan, eta, beraz, ez dirudi inola ere apainketa asmoak zituztenik pintura horien egileek. Iberiar Penintsulako ekialdean dauden labarretako pintura fin eta perfekzio handienekoak Mesolitokoak dira guztiak, eta ez dute loturarik Paleolitoko labar artearekin. Artearen adierazpen horiek guztiak desagertu egin ziren Neolitoan.