Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

historia

iz. Gizadiaren (edo gizarte edo giza talde baten) iraganaldiko gertaera gogoangarrien ezagutza edo kontakizuna; horrela kontaturiko gertaerak. ik. kondaira, edesti. || (Giza jardun bati buruz). Musikaren historia. Euskal literaturaren historia. || Historia jakintzatzat hartu. Historiaren metodoak. Historia ikerketak. || Kontakizuna. ik. istorio. v Historia. Historiak, jakintza den aldetik, hainbat iturri erabiltzen ditu azterketak egiteko, idazkiak, batez ere, eta horien bidez iraganeko gertaeren zergatiak eta arrazoiak bilatzen ahalegintzen da. Gaur egun, historiak objektibitatera jotzen du, gauzak berez nola izan ziren jakiten eta kontatzen ahalegintzen da; horretarako, iraganeko gertaerak azaltzeko interpretazio kritikoa eta arrazoizkoa egiten du. Historiaren ikerketa metodo zientifiko bati jarraituz egiten da: lehenik hipotesi bat lantzen da eta ondoren hipotesia egiaztatzeko zorroztasunez ikertzen dira iturriak. v Historia ezagutza. Historia edo iraganeko gertaerak ezagutzeko edo interpretatzeko hiru joera daude: positibismoa da bata, historia iturriak sakon aztertuz iragana guztiz ezagutzera irits daitekeela esaten duena; eszeptizismoa da bestea, espazioaren eta denboraren urruntasuna dela eta, iragana ezin dela ezagutu, eta historiagileak iraganeko gertaerei buruz ezinbestean interpretazio subjektiboak egiten dituela uste duena; azkenik, erlatibismoa, ikerketen ondorioz historiagileak sortutako ereduen bitartez iraganaren parte bat bakarrik ezagutu ahal dela. Erlatibismoa da ikertzailerik gehienek ontzat hartzen duten joera. v Historia iturriak. Historiako gertaera bati buruz informazioa eskaintzen duen edo hura berregiteko beharrezko datuak ematen dituen giza jardueren edozein aztarna hartzen da historia iturritzat. Antzinako agiriak eta arkeologia aztarnak dira garrantzi handieneko iturriak, iraganeko datuak ematen baitituzte zuzenean; hala ere, beste iturri askok ere, literaturazkoek eta ikonografiazkoek, esaterako, funtsezko datuak ematen dituzte ikerketarako. Historia ikerketak duen helburuaren arabera, halako iturri mota erabili ohi da. Historia iturriak erabiltzeko, ordea, kritika zorrotz bat egin behar zaie eta urrats hauek eman: lehenik iturria egiazkoa dela frogatu behar da (kanpoko kritika), eta informazioren iturburua edo emailea fidagarria dela ziurtatu (barneko kritika). Kontuan izan behar da historia ikerketa batzuetan benetakoak bezain garrantzi handia dutela iturri faltsuek eta aldatuek. v Historiaren lagungarri diren zientziak. Iturriak aztertzeko beste zientzia batzuez baliatzen da historiagilea. Arkeologia, estatistika, demografia, ekonomia, geografia eta filologia dira garrantzi handienekoak. Orobat, historiagileak halako teknika batzuk erabiltzen ditu, iturriak are errazago ulertzen laguntzen diotenak: paleografia (idatzi zaharrak irakurri eta transkribitu); diplomatika (agiri motak nolakoak diren azaldu); epigrafia (inskripzioen interpretazioa); sigilografia (zigiluen azterketa), eta numismatika (txanponen azterketa). v Historiaren azterketa aldiak. Guztiz arbitrarioak dira eta aldi luzeak errazago aztertzearren egiten dira. Azterketa aldiok mundu guztian onartuak daude gaur egun. Historia bost aldi luzeetan banatzen duen sailkapena da ezagunena: historiaurrea, antzinako historia, Erdi Aroko historia, historia modernoa eta gaur egungo edo orainaldiko historia dira bost aldiok. Hala ere, badira beste banaketa batzuk ekonomia, teknologia edo arte bilakaeraren arabera historiaren aldiak bereizi eta sailkatzen dutenak. v Historiaren eginkizuna. Jakintza den aldetik, gizarte garapenaren eta bilakaeraren legeak aurkitzea da historiaren eginkizun behinena. Bigarrenez, bere burua ezagutzeko duen egarria asetzen dio gizonari. Azkenik, heziketa eginkizuna du historiak, gizartearen kontzientzia ideologikoa eta politikoa moldatzen baitu.