Hiriberri
Nafarroako ipar-ekialdeko udalerria, Aezkoako eskualdean (Zangozako merindadea). Hiriberri-Villanueva de Aezkoa du izen ofiziala. Mugak: iparraldean, Aria eta Orbara, mendebalean, Aria eta Aribe, ekialdean, Otsagabia, Jaurrieta eta Abaurrepea eta hegoaldean, Garaioa. Garaiera, 925 m. 21,75 km2. 1999ko datuen arabera, 154 biztanle ditu (hiriberriarrak). Euskara, behe-nafarrera; euskaldunak, % 35. Nafarroako Foru Erkidegoko 1986ko Euskararen Legearen arabera, eremu euskaldunean dago. Bertako ekonomia jarduera nagusia (langileen % 67) laborantza (garia, garagarra, patata, bazkarako landareak) eta abere hazkuntza (ardi eta behi azienda) dira. Basoa eta zurgintza (beharginen % 19). Aipagarri dira Erdi Aroko Salbatore eliza gotikoa eta bertako erretaula nagusia, Errenazimentuko garaikoa. v Historia. Hiriberriko herriaren lehen aipamena 1366. urteko dokumentu batean aurkitzen da, Ireberri izenaz. 1845. urtean udalerri bihurtu zen, Aezkoako ibarra eratzen zuten herriak bereizi zirenean.