Hiriart Urruty, Jean
Lapurtar idazlea eta elizgizona (Hazparne, 1859 - Hazparne, 1915). Larresoroko apaizgaitegian eta Baionan egin zituen eliz ikasketak. Larresoroko irakasle izendatu zuten 1881. urtean eta apaiz egin zen hurrengo urtean. Eskualduna astekariko sortzailea (1887) eta zuzendaria izateaz gainera, artikulu ugari idatzi zuen bertan. 1907an Hazparneko kalonje izendatu zuten Gratien Ademaren lekua hartzeko. Hiriarten idazki hautatuak biltzen dituzten bi liburu argitaratu dira: Mintzaira, Aurpegia: Gizon! (1971), eta Zezenak Errepublikan (1972).