Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

hiri

iz. Etxe eta eraikuntzen multzo egituratua, aski handia denean bereziki. ◊ Hiriko biztanleak.        
 v  Hist. Lehenengo hiriak Neolitokoak dira, nekazaritzatik bizi ziren historiaurreko gizonek harrizko eta adreiluzko etxeak eraiki zituzten garaikoak (Mesopotamiako hiriak, Nilo ibai ondokoak, etab. K.a. 3.000. urtekoak). Antzinako Greziaren aroan hiri-estatuak eraiki ziren Grezian (polis), bertako hiritarrek zuzenduak eta inguruko herriak eta biztanleak mendean zituztela. Hiri-estatuen aroa erromatarren inperioa galdu zenean amaitu zen. Antzinatik hasita hiriak harresiz inguratzen ziren, etsaiengandik babesteko. Erdi Aroko hiriak kultura eta merkataritza hiri bilakatu ziren askotan (Venezia, Genova, Florentzia, etab.), ondoren, estatuak indartu ahala, hiriak gobernu zentralisten mendean geratu ziren, eta administrazio eginkizunak haietara bildu ziren. Industria Iraultzak erabat aldatu zuen hirien egitura. Jende multzo handiak bildu ziren lantegien inguruan eta industriagaiak zeuden lekuetan, eta lantegi hiriak sortu ziren XVIII. eta XIX. mendeetan (Ingalaterran eta Europa osoan, Estatu Batuetan…). ik. hirigintza. v Hiri-estatua. Inguruko lurraldeen jabetza duen hiri burujabe batek osatzen duen aginte sistema. Hiri-estatuak, gainera, kulturaren, politikaren eta ekonomiaren gune nagusi ziren. XIX. mendean sortu zen hitza, eta batez ere antzinako Greziako, Feniziako eta Erdi Aroko Italiako hirientzat erabili izan da. v Hiri gutun. Zuz. Bisigodoen legedia, Erdi Aroan Liber Judiciorum izenez ezagutzen zena. v Hiri iraultza. Hist. Antropologian eta arkeologian, nekazari giroko hiribildu txikiak hiri handi eta jendetsu bihurtzeko aldaketa. Gordon Childe Australiako arkeologoak erabili zuen esamolde hori lehenengo aldiz. ■ Hiri plangintza. Plangintza baten arabera, eta ez halabeharrez, hirien garapena, eraberritzea eta hazkundea bideratzeko jarduera. Hiri osoak berritik diseinatzea ez da ohiko gauza, baina XX. mendean badira kasu aipagarri batzuk. Canberra, Australiako hiriburua, eta Brasilia, Brasilgo hiriburua, plangintza jakin baten arabera eraiki ziren oinarrietatik. Filadelfia da, William Pennek 1680an diseinatua, Estatu Batuetan plangintza baten arabera eraikitako hiri baten lehen adibideetako bat. Washington ere plangintza jakin baten arabera sortu zen osoki. Egun, baina, hiri plangintza hitza hiri zaharrak suspertzeko eta berriro urbanizatzeko erabiltzen da, hiriak berritik diseinatzeko baino gehiago. Hiri plangintzak, beraz, hiriaren eraberritzea esan nahi du. ■ Hiri berrien diseinua zein zaharren eraberritzea, biak bultzatu izan dituzte gobernuek. 1970eko hamarraldiaz geroztik beste mota bateko hiri plangintza bat izan zen, ekonomiaren hazkundeak eragina, eta hirien ezaugarriez hornituriko herriak sortu ziren biztanle gutxiko eskualdeetan: Dallas iparra (Texas), Chicago mendebaldeko Oak Brook-Naperville korridorea (Illinois), eta Orange konderria (Kalifornia), adibidez. Leku horiek merkataritza eta industria eremu handiak bilakatu ziren eta kasu askotan ondoko hirigune zaharretan baino lanpostu aukera handiagoa eskaintzen zuten. ■ Hiri plangintza modernoa XIX. mendearen bukaeran hasi zen. Lehenengo plangintza egileek, industrializazioarekin hiriak desitxuratzen ari zirela ikusita, maisu proiektuak diseinatu zituzten egoera aldatu nahiz. Horren adibide nabarmenetako bat Tony Garnier frantses arkitektoaren industria hirirako plangintza da, urte batzuk geroago Daniel Burnhamek Chicagorako aurkeztu zuena. ■ Hirien erabateko eraberritze hori, baina, ez da arrakastaz gauzatu beti, eta XX. mendearen bukaerarako hiri plangintzen asmoak apalagoak ziren. Hiri ideala sortzen ahalegindu ordez, beste helburu errazago batzuk jarri zituzten: hala nola hiriko alde guztien antolamendu egokia prestatzea, bataren funtzioak besteari oztopo egin ez diezaion; hiri barruko garraioa eta zirkulazioa errazteko bitartekoak eskaintzea; hiriko alderdi bakoitza osotara garatzea, bizitoki egoki, aparkaleku, jolas parke eta negozioekin; behar bezalako ur hornidura, estolda sistema, zabor bilketa eta zerbitzu publikoak eskaintzea; eta haurrak eskolatzeko eta bestelako zerbitzuak izatea. ■ Historia. Plangintza baten arabera eraikitako hirien lehen aztarnak Txina, India eta Sortalde Hurbileko antzinako zibilizazioetakoak dira. Mohenhjo-daro, esate baterako, Indus ibaiaren ibarreko zibilizazio oparoaren bi zentro nagusietako bat izan zen, K.a. 3000. urtetik. Hiria laukizko plano baten arabera diseinatu zen: lauki zuzen itxurako eraikin multzoak, elkarrengandik hiribide zabalez bereiziak, eta kale meharrez zatikatuak. Antzinako hiri horietako asko funtzio jakin bateko auzo edo alderdietan banatu ohi ziren. Jauregiak eta tenpluak erdialdean izaten ziren. Gotortuta egoten ziren eta urez eta drainatze sistemez ongi hornituta. ■ Mohenjo-daro-n ez bezala, Erroman –askoz geroagoko hiria izan arren– ez zen plangintza handirik egin lehen mendeetan. Mediterraneo aldeko antzinako beste hiri batzuetan bezala, plangintza gobernuaren jarduerarekin zerikusia zuten alderdi eta eraikinetara mugatu zen. Eraikin publikoak eta tenpluak ongi pentsatutako diseinuen arabera eraikitzen ziren, baina etxebizitzak aurrez antolatu gabe eraiki eta zabaltzen ziren han-hemenka. Erromako lehen biztanleak Tiber ibaiareren ondoko zazpi muinoetan eta inguruetan kokatu ziren. Biztanle kopuruak gora egin ahala, hiria ibaiaren alde banatara zabalduz joan zen. Aurrerago, baina, erromatarrek plangintza jakin batzuen arabera eraiki zituzten beren hiriak. Hiriaren erdian forua zegoen, jendearen bilgune nagusia, eta foruaren ertzetan merkataritza, gobernu eta erlijio eraikin nagusiak. Hiri handi batean foru bat baino gehiago egon zitekeen, batzuk administrazio zereginetarako, eta beste batzuk salerosketetarako. ■ Erdi Aroa hasi zenean ez zen hiri askorik eraiki Europan. Zabaltzen hasi zirenean, jaun ahaltsuren baten gazteluaren abaroan, eliza baten inguruan, edo merkataritzaguneetan zabaldu ziren. Oro har, hiri irregularrak ziren eta garbitasun baldintza kaskarrak zituzten. Biztanle kopurua handitu zenean, hiri harresitu zaharrok jendez bete ziren eta arriskutsuak bihurtu ziren. Jendea harresiez kanpo bizitzen hasi zen. Hiriko alderdi batzuk jarduera eta naziotasun jakin batzuetarako gordetzea ohitura bihurtu zen, eta pixkana jendez mukuru bete ziren. Eritasun eta izurriteak erraz zabaltzen ziren eta jende asko hiltzen zen. ■ Goiz Erdi Aroan, hiriak kale eta bidegurutze bakarreko herriak izan ziren hasieran. Biztanleak erdigunearen inguruan zabaltzen hasi ziren, biribilean, eta modu irregular batean, sarritan. Irregulartasun hori nabarmena da oraindik Europako hiri askotako parte zaharretan. Lehenengo kaleak lurrezko bideak ziren. Europan, Paris izan zen bere kaleak lauzatu zituen lehen hiri handia, 1184. urtean. XVI-VIII. mendeetan, hiri askotan, eraikin eta monumentu ikusgarriak eraiki ziren, errege eta nobleen ohoretan, eta denek halako dotore eta handitasun aire bat hartu zuten. ■ Ipar Ameriketako kolonietan, eta 1776. urteaz geroztik Estatu Batuetan, hiri plangintzak aurrera eraman ziren kasu apurretan, Europako Errenazimentuaren handitasunaren biktima izan ziren. Washington da kasu horietako bat. Pierre L'Enfantek hiriburu izateko diseinatu zuen, 1791n, Parisko erradio gisako antolamenduaren arabera. Kale nagusiak erdigunetik abiatzen dira gurpil bateko erradioak bezala. William Pennen Filadelfia, bestalde, Washington baino ehun bat urte lehenago diseinatu bazen ere, Ameriketako hirien eredutzat har daiteke. Pennek sareta baten edo xake taula bateko laukien gisako marrazkia hartu zuen eredu, eta eredu hura erabili zen gero Estatu Batuetako hiri plangintza gehienetan. Sareta ereduaz gainera, Ingalaterra Berriko eredua ere asko zabaldu zen, hiriak erdiko plaza baten inguruan eraikiz. Plaza horiek abereak indiarren erasoetatik babesteko erabiltzen ziren. Udaletxea, eliza, dendak, taberna eta beste negozio batzuk jartzen ziren inguruan. Aurrerago, leku askotan, abereak plazan babesteko beharrik izan ez zenean, musika kioskoak eraiki ohi ziren plazaren erdian. ■ XIX. mendean industrializazioak ondorio izugarriak izan zituen hirietan. Britainia Handian lehenbizi, Europa osoan gero, jende olde handiak mugitu ziren nekazari inguruneetatik lantegi eta meatzeetan lan egitera. Estatu Batuetara milioika etorkin iritsi ziren XIX. mendearen hasieran, eta lan egiteko aukera zegoen lekuetan finkatu ziren gehienak. Horrek guztiak, noski, eragin handia izan zuen hurrengo urteetako hiri plangintzan. Bai Europan bai Ameriketan gobernuek ez zuten aurreikusi hiri hazkunde azkarrak zer nolako arazoak ekarriko zituen. Zenbaitek gogor kritikatu zuen hirietako bizimodua, auzo pobreetako egoera negargarria xehetasunez deskribatuz. Friedrich Engelsek Langile klasearen egoera Ingalaterran idatzi zuen 1845ean. Estatu Batuetan, Jacob Riis kazetariak How the Other Half Lives (Beste erdia nola bizi den) argitaratu zuen 1890ean. Liburuan New Yorkeko auzo pobreenen deskribapena egin zuen, eta horren ondorioz egin zen osasunaren kalterako etexebizitzak eraisteko lehen ahalegin bateratua Estatu Batuetan. Hala ere, hiriak eraberritzeko lanak oso mantso zihoazen. Hiriko administradoreen ustelkeria zen, batetik, eta pobreen baliabiderik eza, bestetik, horren arrazoi nagusiak. Osasun publikoari dagokionez, aurrerapenak egin ziren, ur hornidura eta estolderia sistemak hobetuz. Bestalde, parkeak egin ziren, hirian bertan aisialeku ederrak izateko. ■ Europan, XIX. mendearen bukaeran, hiriak eraberritzeko beharra zabalduz joan zen. Eraikin publiko handiak, katedralak, monumentuak eta plaza zabalak egiteko ohiturak bere horretan iraun zuen. Asko eraiki eta berreraiki zen, Parisen bereziki. Mende hartako hirigintzako aditu aipagarrienetako bat Georges-Eugene Haussmann da: Parisko hiria gurutzatzen duten bulebar zabalak eta parkeak –Bois de Boulogne eta Bois de Vincennes– diseinatu zituen, eta Les Hallesko merkatua eta Parisko Opera eraiki zituen. Bere Memoirs (1890-1893, Oroitzapenak) liburuak eragin handia izan zuen hurrengo mendeko hirigintza modernoan. ■ Hiri plangintza modernoa. ik. hirigintza.