Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

higadura

iz. Higatzea. v Geol. Ibaiak eta errekak, euria, itsasoa, Eguzkia, izozteak, haizeak, glaziarrak, bat-bateko tenperatura aldaketak, animaliak, landareak eta gizona bera dira lurrazalaren higatzaile nagusiak. Lurralde bateko klima nolakoa den, higatzaile bat edo beste izaten da nagusi bertan; adibidez, lurralde hotzetan izotza da higatzaile nagusia, eta lurralde lehorretan, berriz, haizea. Errekek eta ibaiek, esate baterako, haranak eta arroilak eratzen dituzte, eta beren higatze lana ur emariaren, lastertasunaren eta eramakinen tamainaren araberakoa izaten da. Ibaiak daramatzan hondar eta buztinak ibai bokaletan jaulki ohi dira eta oso lur emankorrak eratzen dituzte (alubioiak). Errekek eta ibaiek bezala, euriak ere harri koskorrak eta hondarrak garraiatzen ditu mendietan behera, eta lurrazala soiltzerainoko higatze lana egin dezake; landareek galaraz dezakete, neurri handi batean, higatze lan hori. Bestalde, lurrazpiko urak, anhidrido karbonikoa eta azido organikoak dituenez, lurrazalekoak baino disolbatze ahalmen askoz handiagoa du; urak, haitz artean dabilela, haitzen mea osagaiak urtzen ditu eta haitza porotsu eta hauts errezago bihurtzen du (higadura kimikoa); horrela eratu dira, esate baterako, leizeak. Haizeak, garraiatzen duen hareaz haitzen gainazala joz eta marruskatuz, abrasio lan handia egiten du haitzetan; haizeak errazago higatzen ditu haitzen osagai bigunak gogorrak baino eta, horregatik, itxura harrigarrizko haitzak ikus daitezke zenbait tokitan. Era berean, eguratseko lurrunen eta gasen jarduera kimikoak haitz eta mea gogorrenak erraz bihur ditzake hauts. Izotza eta elurra dira lurralde hotzetako higatzaile nagusiak; glaziarrek ere, glaziazioetan bereziki, higatze lan handiak egiten dituzte glaziar zolak garraiatzen dituen eramakinek lurra urratzen dutenean. Horrez gainera, haitz arrailetan izaten den uraren izozte-urtze anitzak eta azkarrak direla eta haitzik gogorrenak ere zartatu eta puskatu egiten dira.