Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

higanot

iz. Ipar. Euskal Herrian, eta Frantzian oro har, katolikoek protestante kalbinistei ezarritako deitura. v XVI. mendeaz gero Frantzian kalbinistei eman zitzaien izena. XVI. mendean Europa osoan erlijio gerrak sortu ziren, eta Frantzia osoan eta Ipar Euskal Herrian nabarmena izan zen higanoten kontrako erasoa. Alemanian hasi zen (1517) Luteroren Erreforma, eta handik urte batzuetara protestanteen lehenengo erreketa izan zen Frantzian. Esetsaldi nagusia 1534an hasi zen, eta erreformazale askok, Joan Kalbino tartean, ihes egin behar izan zuten. Higanoten higikundeak aurrera egin zuen, eta Frantziako hegoaldeko eta hego-mendebaleko handikien laguntza izan zuen, baina Henrike II.ak berriro eraso egin zien. 1562an Frantzian erlijio gerrak hasi ziren nobleziaren bi alderdiren artean, higanoten aldekoak eta katolikoen aldekoak. Karlos IX.ak 1572an higanoten hilketa egiteko agindu zuen, eta “San Bartolomeren gaua” izeneko sarraskia bideratu zuen. Gerrak 1598raino iraun zuen; urte hartan erregeak Nantesko Ediktua izenpetu zuen, eta higanotei askatasun politikoa eta erlijiozkoa eman zien. XVII. mendean berriro izan ziren istiluak higanoten eta katolikoen artean, eta hitzarmen berriak izenpetu zituzten. 1685ean Luis XIV.ak Nantesko Ediktua indargabetu zuen, eta higanot askok ihes egin behar izan zuten. 1787an berriro eskuratu zituzten protestanteek beren eskubide guztiak. 1789an Frantziako Biltzar Nazionalak erlijio askatasuna ezarri zuen.