hidrokarburo
iz. Kim. Karbono eta hidrogenoz osaturiko gaia organikoa. Hidrokarburoak gas (butanoa), isurkari (bentzenoa) edo solidoak (argizariak) izan daitezke. Egitura kimikoaren arabera katea zuzendunak edo katea adarkatudunak, katea irekidunak (alifatikoak) edo eraztun erakoak (aliziklikoak edo zikloparafinak) izan daitezke. Azken horiek eratzerakoan molekulan 6 karbono atomoz osatutako eraztunak ageri baldin badira hidrokarburo aromatikoak esaten zaie. Hidrokarburoak dira kimika organikoaren oinarri, beren hidrogenoak beste atomo edo atomo talde batzuez ordezkaturik gai organiko gehienak lor baitaitezke. Hidrokarburoen iturri nagusiak ikatza, petrolioa, landareak eta gas naturala dira. Oso erabilera desberdinak dituzte: erregai, disolbatzaile eta gasolina gisa; sintesi bidez gai berriak lortzeko lehengai gisa, eta abar.