herensuge
iz. Elezaharretako piztia izugarria, hegoak eta atzaparrak, eta narrasti gorputza dituena. v Herensuge hegalaria. Muskerren familiako narrastia, sabelaldearen alboetan jauzietan eusten dioten azal luzakinak dituena (Draco sp.). v Gizonak sortu dituen irudimenezko mamuen artean herensugea da hedatuenetakoa Europan eta Asian, eta batez ere Txinan eta Japonian. Krokodiloaren antzera irudikatzen dute, baina arrano hegoak ditu, lehoi atzaparrak eta suge isatsa. Greziako mitologian ez ziren era bakarrekoak eta izenak ere desberdinak zituzten: ehun buruko herensuge batek, gau eta egun begiak zabalik, zaintzen zuen Hesperide; Herkulesek hil zuen. Besteetan altxorrak zaintzen zituzten eta askotan neska gazteak eskaintzen zitzaizkien jan zitzaten. Alemaniako zenbait kondaira zaharretan herensugearen kontrako borrokan aritzen ziren zaldunak. Bai sortaldean eta bai sartaldean mitologiaren irudi nagusietako bat izan da herensugea. v Euskal Herriko mitologiaren arabera herensugea leizeetan bizi da eta izugarria da, giza haragijalea, besteak beste; zazpi buruz irudikatzen dute eskuarki Euskal Herriko elezaharrek, eta arma gisa suzko garrak erabiltzen dituela. Izen ugari hartzen du Euskal Herrian zehar (herensuge, iraunsuge, sierpe, dragoi, sugaar, etab.); Erdi Aroan Europan barrena suge handi beldurgarriei buruz zabaldu ziren kontakizunen euskal oihartzuna da herensugea. Kutsu kristaua hartu zuen Europan mitoak Erdi Aroan (Jurgi santua eta herensugea). Euskal Herrian ere, kristautasunaren etsaitzat hartua izan da elezahar batzuen arabera, Teodosio Goñikoarenean bereziki (Mikel goiaingerua eta herensugea).