hepadnabirusak
iz. Biol. Hepadnaviridae familiako birusak, azido desoxirribonukleikozko (DNA) genoma dutenak. Hepatitisa eragiten dute gizakian eta animalia mota batzuetan. Talde horretakoa da gizakiaren B (VHB) hepatitisa eragiten duen birusa, esaterako. 1965ean Baruch Blumberg estatubatuar medikuak antigeno zeregina zuen partikula bat deskribatu zuen. Australia (Au) antigenoa izena eman zion, odol transfusioak egin zizkioten australiar aborigen baten odolean aurkitu baitzuen. Gero hepatitisarekin elkartutako antigenoa (HAAB) deitu zioten. Aurrerago, beste partikula mota batzuk bakartu ziren, handiagoak, Dane-ren partikulak deituak aurkitzaileetako baten ohoretan. Partikula horiek birusa ordezkatzen dute nonbait. Partikula esferikoak dira, 27 nm-ko nukleoidea dute, eta nukleoidearen barruan, DNA bikateduna, zirkularra eta txikia, eta DNA-polimerasa bat. Antigeno espezifiko bat du, nukleoidearen antigenoa (HbcAg) deitua. Dena geruza batean bildurik egonda, birioiak 40 bat nanometroko diametroa du guztira. Gainera, birioiaren kanpoaldean beste antigeno batzuk daude, gainaldeko antigenoak edo HbsAg deituak, Blumbergek bere garaian aurkitutakoak.