hepatitis
iz. Med. Gibelaren hantura, mikrobio batek, birus batek, bizkarroi batek edo sendagaiek sortua. Hepatitis mota guztien sintoma orokorrak hauek dira: ahulezia, jateko gogoa galtzea, sukarra, hotzikarak, goragalea, larumina (azala horitzea) eta gernua iluntzea. Birusek sorrarazitako hepatitisa eritasun endemikoa da, eta adin guztietako jendea jo dezake. Gehienetan, eritasun arina bada ere, mota arriskutsu bat bada —sintoma eta laruminik (azala horitzerik) gabeko infekzioa, alegia— gibelaren erabateko hutsegitea bat-batean eragin dezakeena, eta, ondorioz, heriotza ekar dezakeena. Hepatitisa lau motakoa izan daiteke, birus eragilearen arabera: A motakoa; B motakoa; ez-A, ez-B motakoa; eta, azkenik, D motakoa. v A motako hepatitisa elikagai edo ur zikinaren bidez kutsatzen da, eta, beraz, hedadura handiko epidemiak sorraraz ditzake. Birusak denbora gutxi irauten du odolean. Haurrak eta gazteak jotzen ditu, gehienetan, helduek A hepatitisaren aurkako antigorputz bereziak baitituzte. Era berean, A hepatitisak jotakoak harekiko immunitate iraunkorra izanten du aurrerantzean. v B motako hepatitisa sorrarazten duen birusa A hepatitisa eragiten duenaren oso bestelakoa da, B hepatitisarenak ADN baitarama, eta A hepatitisarenak, berriz, ARN. Endemikoa da, eta, kasuren bat agertuz gero, derrigorrean jakinarazi behar zaie osasun arloko agintariei. Badira –A hepatitisaren kasuan ez bezala– eritasun hori ez duten birus eramaleak. B hepatitisak bi kutsabide nagusi ditu: parenterala (kutsatutako orratz baten ziztadura, odol transfusioak, haurdunaldia) eta sexu harremanak. % 5ean kroniko bihur daiteke. v Ez-A, ez-B hepatitisa. A eta B hepatitisak sorrarazten dituzten birusak identifikatzerik ez dagoenean diagnostikatzen den hepatitasari izen hori ematen zaio. Sintomak besteetan bezelakoak izan arren, B hepatitisarenak baino arinagoak dira. Mota horretako hepatitisen bi herenetan ez da larrua horitzen. Kroniko bihurtzen da, sarritan. Kutsabide nagusia parenterala da; izan ere, odol transfusio bidezko hepatitis gehienak (% 90-95) mota horretakoak dira. v D hepatitisa edo delta eragileak sorrarazitakoa. Delta eragilea birus osagabe bat da, hots, bere sintesia osatzeko B hepatitisa sorrarazten duen birusa beharrezkoa duena. Beraz, D hepatitisak B hepatitisaren birus eramaleak jo ahal izango ditu soil-soilik. Endemikoa da Italiako hegoaldean, Ekialde Hurbilean eta Hego Ameriketan. Eskualde horietatik kanpo, D hepatitis kasu gehienak drogazaleengan eta odol aldatze ugari hartzen dituztenengan gertatzen dira. Sarritan, hepatitis kronikoarekin eta zirrosiarekin batera garatzen da. v Birusek sorrarazitako hepatitisa heda ez dadin kontuan hartu beharrekoak: A hepatitisaren kasuan, guztiz garrantzitsua da eriaren eta berarekin harremanak dituztenen garbitasuna, eskuena batez ere. Komeni da eriaren gorotzak bakartzea eritasunaren hasierako bizpahiru asteetan, aldi horretan iraizten baita birusa gorotzetan. B hepatitisaren kasuan, kontu handiz saihetsi behar da eriak garbitzeko eta jateko darabiltzan tresnak beste inork erabiltzea, eta eriarekin harremanetan daudenen garbitasuna. v Birusak sorrarazitako hepatitisen zainketa. Elikadurari dagokionez, komenigarria da dieta hiperkalorikoa. Ez da, gehienetan, janari neurria murriztu behar, baina alkohola erabat baztertu behar da. Onuragarria da ok egiten duten eriei isurgaiez osaturiko dieta jartzea, eta gutxi jaten dutenei, bitaminazko osagarriak ematea. Kasu guztietan, atsedena hartu beharra dago.