hemorragia
iz. Med. Gorputzeko odol hodiren bat apurtzean gertatzen den odol jarioa; gorputzaren kanpoaldean zein barnealdean izan daiteke odol jarioa. Apurtu den odol hodia txikia denean aski izaten da apurtutako hodiak estutzea hemorragia geldiarazteko; handia denean, berriz, josi egin behar izaten dira, edo koagulatzaileak erabili. v Burmuineko hemorragia. Arteriak gogortzearen eta tentsioa handitzearen ondorio izaten da burmuineko hemorragia; odola burmuinean sartzen denean nerbio ehunak suntsitzen ditu. Hemorragia larria denean apoplegia esaten zaio eta elbarritasuna edo heriotza eragin ditzake. Odolak burmuinaren ezkerraldea hartzen duenean hitz egiteko gaitasuna galtzen da edo murrizten.