Heleta
Nafarroa Behereko mendebaleko udalerria, Iholdiko kantonamenduan. Hélette du izen ofiziala. Mugak: iparraldean Aiherra eta Donostiri; ekialdean Iholdi, Armendaritze eta Donostiri; mendebalean Lekorne (Lapurdi), eta hegoaldean Iholdi eta Irisarri. Garaiera, 261 m. 23,45 km2. 1999ko datuen arabera, 627 biztanle (heletarrak). Auzo nagusiak: Garreta, Antxartia eta Heleta. Euskara, mendebaleko behe-nafarrera; euskaldunak, % 100. Nekazaritza da bertako ekonomia jarduera nagusia (garagarra, artoa, bazkarako landareak, lekadunak, mahastiak; ardi azienda). Aipagarri dira Santiagoko eliza, San Bizente ermita (Bixintxo edo Done Bikendiren irudia, XII. m.), plazako harrizko gurutzea, Antxartia jauregia eta XVII. mendeko hilarriak. v Historia. 1245. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Heletako herria. Arbela edo Arberoako bizkonderriko herri nagusia izan zen XIV. mendean eta etxe nobleak eraiki ziren bertan Erdi Aroan. Merkatu eta feria herri garrantzitsua da Heleta; ospetsuak dira azaroaren 25eko eta martxoaren 20ko abere feriak. Oso jai handiak egiten dira Heletan Bestaberri egunean, Bidarrai, Iholdi edo Irasarrikoen antzera.