Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

helenismo

iz. Greziar kultura eta bereziki Alexandro Handiaren konkisten ondoren Greziako mugetatik kanpo garatu zena adierazteko erabili ohi den hitza. Helenismo hitza J. G. Droysen alemaniar historiagileak erabili zuen lehenbizikoz XIX. mendean. Bi arotan banatu ohi da: alexandriarra eta helenistiko erromatarra. Lehen aroak Alexandria izan zuen gune nagusia eta Alexandro Handiaren heriotzatik (K.a. 323) erromatar inperioak Grezia konkistatu artekoa hartzen du; bigarrena erromatarren konkistatik hasi eta Atenasko filosofia eskolak Justiniano enperadorearen aginduz itxi ziren artekoa (K.a. 146 - K.o. 529). Helenismoarekin, kultura klasikoaren egitura politikoa izan zen estatu-hiriaren (polis) gainbehera etorri zen; horrekin batera, ekialdeko monarkiak sendotu ziren, eta burokrazia indartsu bat antolatu; jendeak parte gutxiago hartzen zuen politikan, eta moralaren, filosofiaren eta literaturaren alorreko indibidualismoa nagusitzen hasi zen; berezko greziar erlijioak bere lekua utzi zien hein handi batean ekialdeko erlijioei, lehenik, eta kristautasunari, azken aldian. Jakintzaren eremuan, filosofiak logikaren eta moralaren bidea hartu zuen batez ere; zientzia jakin batzuek aurrerabide handia izan zuten: matematika, medikuntza, fisika eta geografia. Arte figuratiboetan errealismo bizia nagusitu zen. Atenas hiriaren ordez, Alexandria bilakatu zen kulturagune, eta haren ondoren Erroma. Erromatar inperioaren babesean greziar kulturak adierazpen ederrak izan zituen. Azken aldera, berriz, Bizantzio izan zen gune nagusia. Hizkuntzaren batasuna ere orduan egin zen, koine dialektos delakoaren bitartez. Literatura sailean erretorika eta ohiturazko komedia dira adierazgarrienak; barrenkoiago bilakatu zen poesia eta zuen orijinaltasuna galdu bazuen ere, finezia handia erdietsi zuen. Azpimarratzekoa da epitalamioa, epigramaren garapena. Mitologia edo artzain giroko obra eta autore ugari izan ziren (Kalimako, Teokrito). Prosazko eleberria ere orduan sortua da. Elementu aberatsez (fantasia, abentura harrigarri, amodio nahaste) beterik agertzen da eta, aldi berean, jende xumearen bizitza jasotzen du eta esklabo, haur eta animalien deskribapen errealistenak ematen ditu. Helenismoaren bigarren aroko aldirik joriena Juliano enperadoren garairainokoa da (355-363).