Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hegoafrika

(Izen ofiziala, Hegoafrikako Errepublika; Ing., South Afrika; Afrikaans hizkuntzaz, Republiek van Suid-Afrika). Afrikako hego muturreko estatua, kontinente osoko aberatsena. Mugak: Namibia ipar-mendebaldean, Botswana eta Zimbawe iparraldean, Mozambike eta Swazilandia ipar-ekialdean, Indiako Ozeanoa hego-ekialdean eta ekialdean, eta Ozeano Atlantikoa hego-ekialdean. Hegoafrikak alde guztietatik inguratzen du Lesotho-ko estatu independentea. 1.123.226 km2 eta 48.506.700 biztanle (2007, hegoafrikarrak). Hiriburuak: Pretoria (administrazio hiriburua), Bloemfontein (auzitegi hiriburua), Lurmutur Hiria (legegintzako hiriburua). Hiri nagusiak: Durban, Johannesburgo. Hizkuntza ofizialak hamaika dira: afrikaans-a, ingelesa, ndebelera, pediera, sothoera, swaziera, tsongera, tswanera, vendera, xhosera, zuluera. Ez dago erlijio ofizialik; kristauak % 68 dira (zuri eta mestizo gehienak, beltzen % 60 inguru eta indiarren % 40 inguru); musulmanak, % 2; hinduak, % 1,5 (indiarren % 60); bertako erlijioetakoak eta animistak, % 28,5. Etnia banaketa: beltzak % 75,2; zuriak % 13,6; mestizoak % 8,6; indiarrak % 2,6. Dirua: rand-a. Orografia eta hidrografia. Hegoafrikako lurraldea funtsean ordoki zabal batek osatua da, erdialdean sakonunea (Kalahari basamortua) eta ertz goratuak dituena. Erdialdean eta ekialdean sedimentuzko materialek antzinako zorua estaltzen dute, ertzetan izan ezik. Ordokia haran oso sartuek arrailatzen dute, eta horien gainean sumendi jatorriko gune gogorrak edo muinoak dira (600-1800 m); gainera giza jarduerak eraginda eta erosio bizkorrak areagoturiko arraildura sakonak ere badira (donga izenekoak). Ertzetako erliebea era askotakoa da: mendebala garaiera txikienekoa da (1.000-1.200 m); hegoaldeko ertza zabala da eta bertako mendialdeak garaiak (1.600-2.600 m); ekialdean daude mendi handienak (Drakensberg mendiak, 3.000 m-tik gorakoak). Ertz horren eta kostaldearen artean —kostalde zuzena ia denean— ordoki estuak dira, Cape eskualdean izan ezik; han Karroo Txikia ordokiak bi mendikate multzo bereizten ditu: Zwartberg (2.324 m) eta Baaviaanskloofbergen iparraldean, eta Tafelberg, Calledon, Stellensbosch eta Cutenikwaberge hegoaldean. Hegoafrikako sare hidrografikoa, bestalde, ez da oso handia, klima oso lehorra baita. Orange da ibai nagusia (1.860 km), Drakensberg-etik Atlantikora doana. Beste ibai garrantzitsuak: Vaal (Orange-ren adarra) eta Mozambiken itsasoratzen den Limpopo (1.600 km). v Klima eta landaredia. Hiru klima mota bereizten dira: Mediterraneokoa Cape aldean (500 mm ur urteko), hosto iraunkorreko txara ugari duena; Tropikoko beroa eta hezea ekialdean (1.000-1.500 mm ur urteko), zuhaitzak eta landa-leku oparoak dituen sabana moldatu duena, eta Tropikoko agorra (400-60 mm ur urteko) herrialdeko erdialdetik iparraldera eta mendebalera, larre elkor eta xerofiloak besterik hartzen uzten ez duena (ibaien ertzetan izan ezik, han baso tropikalak baitira). ■ Biztanleak. Lurraldea kolonizatu zuten holandarren ondoren Frantziako higanotak etorri ziren, eta XIX. mendean britainiarrak eta alemaniarrak; XX. mendean, berriz, portugesak eta italiarrak. Hegoafrikako gobernua, gainera, arraza zuriko jendea erakartzen ahalegintzen da; hala ere, zuriak ez dira biztanleria osoaren seirena baino. Bi taldetan banatzen dira: afrikaans hizkuntzaz mintzatzen diren kolonizatzaileen ondorengoak batetik, eta haien ondoren etorri ziren eta ingelesez mintzatzen diren britainiarren ondorengoak bestetik. Biztanleen ia hiru laurden beltzak dira, etnia askotakoak: nguniak (xhosa, zulu, suazi eta ndebele herriek osatua) dira ugarienak, eta Indiako Ozeanoko kostaldean bizi dira; sotho herria, erdiko goi-ordokikoa; eta venda eta tsonga herriak, ipar-mendebalean. Etnia horiek kristau aroaren hasieraz geroztik, Afrika erdialdeko aintzira handien inguruetatik etorritako bantu leinukoak dira. Hegoafrikako gobernuak zenbait bantustan sortu ditu, eta bertan bizi dira beltzen erdiak; munduko nazioek ez dute lur banaketa hori inoiz onartu (ik. bantustan). Mestizoena (% 10,5), etnia bat baino, gobernuak legez ezarri duen talde bat da; XVII. mendean Malaisiatik ekarritako esklaboen ondorengoak dira, eta hego muturreko lehen biztanleekin (khoisan leinuko hotentoteak eta boskimanak, gaur egun ia desagertuak) nahastu dira. Asiarrak (% 3,3), indiar etorkinen ondorengoak gehienak, afrikaans-ez mintzatzen dira eta Cape eskualdean bizi dira. ■ Hegoafrikan hamar urtez behin egiten da biztanleria osoaren errolda. Jaiotza, ezkontza eta heriotzen erregistroa nahitaezkoa da biztanle guztientzat. 1980ko hamarraldiaren erdialdean, afrikar beltzek osatzen zuten lasterren hazten zen biztanleriaren partea: 1991. urtean, 28.397.171 ziren, urteko hazkundea % 2,8 zen, eta jaiotza tasa milako 40. Estimazioen arabera, biztanle beltzak 66 milioi izango dira 2010. urtean. Aldiz, zuriak 5.200.000 inguru ziren 2000. urtean. Oso laster hazi ondoren, XX. mendearen bukaeran, mestizoak –jaiotza tasak behera egin ondoren, milako 30–, motelago ari dira hazten, eta 2000. urtean 3.600.000 inguru ziren. Indiar komunitatea ere gora egiten ari da (26 jaiotza milako), eta 1.100.000 inguru ziren 2000. urtean. Etnia bakoitzeko kideen kopuruak gorabehera, 1991. urtean beltzek zuten bizi itxaropen apalena (59,8 urte) eta haur hilkortasun tasa handiena (milako 80). Biztanleak oro har oso gazteak dira: % 37 hamabost urtetik beherekoak dira, eta % 4 bakarrik 65 urtetik gorakoa. Urbanizazioa, motel, baina gorantz doa: biztanleen % 51 dira gaur hiritarrak. Beltzak gehiago bizi dira landaldean; aldiz, indiarren % 96, zurien % 91 eta mestizoen % 83 hirietan bizi dira. v Gobernua eta gizartea. Arraza eta etnia askoz dago osatua biztanleria, baina zurien gutxiengoaren mende egon da 1994. urtea bitartean. Urte horretako maiatza arte, arraza banaketako politikagintza instituzionalizatua zuen (apartheid) Hegoafrikak. 1948. urtetik aurrera, hauteskunde orokorrak Nazio Alderdi zuri kontserbadoreak irabazi ondoren, lege zorrotzak jarri ziren indarrean kolore eta arraza desberdinekoen artean ez zedin inolako harremanik izan. Zuri ez zirenen protestek, nazioarteko ahaleginekin batera (enbargoak, boikota…), politika hori aldatzera behartu zuten pixkanaka gobernua. 1985etik aurrera, gobernuak zuri ez zirenen kontrako lege asko baliogabetu zituen. Hegoafrikako beltz gehienak homeland edo bantustan izeneko hamar barrutitan bizi ziren (gobernuak osatuak ziren bantustanak, tribu erreserbak biltzeko asmoaz), asko eta asko hirietara joan ohi zen arren lanera. 1970eko hamarraldiaren bukaera aldetik aurrera bantustan haietako lau independente egin ziren, eta errepublika bihurtu (Transkei, Ciskei, Venda eta Bophuthatswana), eta seik barne autonomia lortu zuten (haien artean Kwazulu). Banaketa hori ordea ez zen onartu ez Nazio Batuetan, ez nazioartean oro har. Izan ere, finantzetan Hegoafrikaren guztiz mendeko ziren, eta langileen hornitzaile: horrez gainera, gobernuak bantustan independenteetakoei hegoafrikar naziotasuna kendu ohi zien, eta, hala, beltzak –lana Hegoafrikan eginik–, atzerritarrak ziren bere aberrian. 1994ko hauteskundeen ondoren, Hegoafrikak beretu egin zituen bantustanak, eta, egoera berria azpimarratu nahian, lurraldea bederatzi probintziatan banatu zen: Iparreko Transvaal; Ekialdeko Transvaal; Pretoria, Witwatersrand, Vereeniging; Ipar-mendedaldea; Orange Estatu Librea; KwaZulu/Natal; Ekialdeko Lur Muturra; Iparraldeko Lur Muturra, eta Mendebaldeko Lur Muturra. ■ Ekonomia. Nekazaritzak (nazio produktu gordinaren % 6a) langileen zazpiren bat hartzen du. Euri gutxi egiten duen arren, askotariko laboreak lantzen dira eta ekoizpena gehiegizkoa da. Beltzek, baina, ez dute lurjabe izateko eskubiderik, errepublika direlakoetan ez bada; haien lurrak ez dira oso emankorrak eta bizitzeko adina ere ez diete ematen. Arrantza mendebaleko kostako eta Namibiako ur hotzetan egiten da bereziki, eta esportatu egiten dute gehiena. Mineral baliabideak ugariak dira: uranioa, urrea, burdina, manganesoa, kromoa, platinoa, banadioa eta diamanteak besteak beste. Hegoafrika munduko urre ekoizle nagusia da (esportazioen % 40), eta ekonomia, neurri handi batean, urrearen salneurriaren gorabeheren mende dago. Hegoafrikak hornitzen ditu Europa, Estatu Batuak eta Japonia, urre, kromo (munduko lehen ekoizlea), manganeso, ikatz, platino, uranio, antimonio, titanio eta diamantez. Meatzaritzako lehengaiek esportazioen % 50 baino gehiago hartzen dute. Petrolioa eta elektrizitate indarra ikatzetik lortzen dute. Bigarren Mundu Gerratik aurrera Hegoafrikako industriak aurrerapen handia egin du: siderurgia, makinak eta garraio hornidurak, janaria, oihal eta kimikaren industriak dira nagusiak. Industria askotarikoa garatu da mea eskualde garrantzitsuenetan: Transvaal (Pretoria-Witwatersrand), Natal (Durban), eta hegoaldeko metropolietan (Lurmutur Hiria eta Port Elizabeth). Beltzen soldata txikiak, batetik, eta zurien teknologia maila onak, bestetik, eragin dute neurri handi batean industria eta nekazaritza jardueren aurrerapena. ■ Hegoafrika da, askogatik, Afrikako kontinenteko lehen potentzia ekonomikoa; azpiegitura egokiak ditu, portu modernoak eta meatzaritza indartsua. Hala ere, munduko herrialde aberatsenen zerrendan, 29. lekua betetzen du: 1996. urteko Hegoafrikako nazio produktu gordina 128.000 milioi dolarrekoa zen, Thailandaia, Norvegia eta Saudi Arabiakoaren atzetik. Petrolio hobirik ez dago, baina baliabide natural garrantzitsuak ditu. Alabaina, urreak, Hegoafrikako aberastasun iturri nagusia izan ondoren –gaur egun esportazio gai nagusia da–, azken urteotan balio galera larria jasan du. 1994. urtean demokrazia arraza-anitza ezarri zen, eta gehiengo beltza agintera iritsi zen; politikoki gertaera erabakigarria izan zen arren, gizarte eta ekonomia egiturak ez dira funtsean aldatu. Herrialdearen ahalmenengatik ere, langabezia izugarria da: 1996. urtean, datu ofizialen arabera, biztanle aktiboen % 32 lanik gabe zegoen, baina errealitatean badirudi ia % 40 direla langabeak. Kanpo zorra NPGren % 55 eta 56 artekoa da, eta, 1993tik aurrera, inflazio tasa % 10etik beherakoa da. Alabaina, arazo sozioekonomikoak handiak dira, batez ere zurien eta beltzen arteko bizitza maila desberdinen ondoriozkoak: beltzen artean, langabezia biztanle aktiboen % 50era iristen da. Biztanleria beltzaren bizi mailaren hobekuntza da, gaur, Hegoafrikako erronka politiko nagusietako bat. 1994. urtetik aurrera, berreraikuntza eta garapenerako plangintza zabal bat jarri zen abian (RDP), helburua pobreenak bizileku, ur eta argindarrez hornitzea zuena. RPDren emaitzak ez baitira izan espero zirenak, utzi egin zen 1997an, eta ordutik aurrera ahalegin handiagoak egin dira, makroekonomiako plangintza baten bidez (Growth Employment and Redistribution), lan publikoetan inbertsio pribatuak egin daitezen eta enpresaburu beltzek enpresa txiki eta ertainak sor ditzaten xede harturik. Nahitaezkoa da hazkunde tasa handia (1995. urtean, % 3,3), gehiengo berriaren beharrak asetzeko; trantsizioa ordea halabeharrez da motela. Hazkunde hori bestalde nazioarteko egoeraren mende dago, eta atzerritar inbertsoreak zuhur dabiltza oraindik. Arazo asko dago oraindik apartheid ekonomikoa desagerrarazteko, apartheid politikoa desagerraraztea baino askoz zailagoa baita. Hazkunderako oztopo dira egituren zurruntasuna, barne merkataritzako erregimen nahasi eta aski protekzionista, eta orobat diru eta ekonomia kontrolaren kontzentrazioa. v Kultura. Hegoafrikan erabiltzen diren hamar (edo gehiago) hizkuntzak, herriko kultura ugaritasunaren eredu dira. Baina, gizartearen beste alderdi guztietan bezala, nabarmena da Hegoafrikako etnia sakabanaketak kulturan duen eragina; izan ere, talde bakoitzak bere irratia, telebista eta egunkariak ditu. Gobernuak laguntza ematen du afrikaans-ez adierazten den kultura ekintza guztietarako. Beltzen kultura, nahiz zatikatua eta bakartua egon, aberatsa da oso; beltz askok europarren bizitzeko ohiturak hartu baditu ere, indarrean diraute Afrikako azturek, hizkuntzari, musikari eta dantzari dagokionez. Beltzen arazoak eta arraza bereizkeria idazle askoren obretan islatzen da: Mothobi Mutloatse, Miriam Tlali, Adam Small (afrikaansez), Alex La Guma (ingelesez); zentsurak eta burokraziak jartzen dituen oztopoek, baina hala ere, arraza eta hizkuntza guztietako idazleen adierazpen askatasuna mugatzen dute. Hegoafrikako literatura munduan ezagutzera eman dutenen artean aipatzekoak dira Ezekiel Mphahlele, Nadine Gordimer, Alan Paton, André Brink eta Etienne Leroux. ■ Historia. Orain dela milaka urte, khoisan leinuko herriak bizi ziren Afrikako hegoaldean. Kristau aroaren hasieran, bantu herriak kontinentearen hegorantz eta mendebalerantz hedatuz joan ziren, eta khoisanak Kalahari basamortuko lurralde pobreenetara zokoratu zituzten. Portugaldarrak, Indiarako bidean, 1487an iritsi ziren Esperantza Oneko lurmuturrera, baina 1652 arte ez ziren europarrak lurralde haietan bizitzen jarri; izan ere, urte horretan, Ekialdeko Indietako Konpania Holandarrak bere ontzidia hornitzeko kokagune bat ezarri zuen Cape-n. Holandar nekazariak heldu ziren handik gutxira, eta frantses higanotak eta alemaniar kolonoak haien ondotik. Europarrak ekialderantz hedatuz joan ziren (1770. urtean bantuekin egin zuten topo); laster ugaldu ziren, eta beren hizkuntza garatu zuten: afrikaans-a. Herbehereak Frantziaren mende geratu zirenean britainiarrak eraso egin zioten koloniari eta beren inperioaren mende geratu zen lurraldea 1814. urtean. Britainiarrek ingelesak erakarri zituzten, eta afrikaaner-ak (boerrak) beretzen saiatu ziren. Esklabotasuna debekatu zutenean milaka boerrek, beren familia eta esklaboekin, ipar-ekialdeko lurretara jo zuten; Transvaal, Orange eta Natal-en bizi izan ziren, britainiarren eraginpetik kanpo, eta errepublikak sortu zituzten. Lurralde horietan diamanteak (1868) eta urrea (1886) aurkitu zirenean britainiarrak boer errepublikak beretzen saiatu ziren. Boer-en eta britainiarren arteko gerrak hiru urte iraun zuen (1899-1902); Hegoafrika britainiarren mende zegoen. 1906an Transvaalek burujabetza lortu zuen eta urte bat geroago Orangek. 1909an britainiar parlamentuak Hegoafrikako estatua onartu zuen; gobernari bat zegoen, ingeles erregearen ordezkari, baina barne arazoetan Hegoafrika eskudun zen. 1910eko maiatzaren 31n Hegoafrikaren Batasuna egin zen. Lehen Mundu Gerra hasi zenean Hegoafrikako gudarosteak Afrika hego-ekialdean (Namibia izango zena gero) sartu ziren eta hango alemaniar kolonia mendean hartu zuten; 1922an, Nazio Elkarteak lurralde harekiko eskubide osoa aitortu zion Hegoafrikari. v XX. mendeko Hegoafrikako politikaren ezaugarri nagusia zurien nagusitasuna ziurtatzeko egin den ahalegina da. 1948. urteko hauteskundeetan aginpidea iritsi zuen alderdiaren programa apartheid edo arraza bereizkerian oinarritzen zen; ordu arte zenari, izenik ez bazuen ere, legearen babesa eman zitzaion. Apartheid politikaren arraza hierarkian, zuriak eta beltzak bi muturretan daude eta mestizoak eta asiarrak erdian. Gobernuaren kontrako jarrerak gogor zigortzen zituen poliziak. 1960an, Sharpeville-n, polizia talde batek manifestarien kontra tiro egin zuen eta 69 lagun hil zituen. Herritarren eskubideak asko murriztu ziren; gobernua pertsona susmagarriak atxilo hartzeko eskudun zen, inolako epaiketarik egin gabe. Bien bitartean, 1968an, Nazio Batuek aginduta, Hegoafrikak galdu egin zuen hego-ekialdeko Afrikan zuen aginpidea, eta Namibia izena eman zitzaion lurraldeari (1990ean erdietsi zuen independentzia); hala ere, Hegoafrikako gudarosteek bertan jarraitu zuten. Hegoafrikako jarreraren eta apartheid politikaren kontrako salaketak gero eta gehiago ziren mundu osoan; 1974. urteko azaroaren 13an Nazio Batuek erakundetik kanpora utzi zuen Hegoafrika. v Hegoafrikako politikan ez zen aldaketa handirik gertatu 1978an Pieter Botha-k aginpidea iritsi zuen bitartean. 1978 aurreko urteetako egoera larria zen, apartheid legea gero eta estuagoa baitzen: beltzak bantustanetara eraman zituzten indarrean, Steve Biko buruzagia espetxean hil zen, etab. Pieter Botha aginpidean zegoela, beltzen sindikatuak onartu ziren eta debeku batzuk kendu. Halaber, Afrika hegoaldeko gainerako herriekiko harremanak hobetzen saiatu zen Botha; haren helburua, ordea, auzo herriek beltz gehienen ordezkari den Afrikako Kongresu Nazionalari (ANC) ematen zioten laguntza kentzea zen. 1985etik aurrera areagotu ziren istiluak. 1988an gobernuak oposizioko 17 talde debekatu zituen eta hainbat erlijio buruzagi atxilotu zituen (beste askoren artean, Desmond Tutu, Cape-ko artzapezpikua eta Bakearen Nobel saria). 1989an Frederick De Klerk Alderdi Nazionalaren buruak iritsi zuen aginpidea. De Klerkek apartheid-a desagerrarazteko eta ANC-arekin harremanak izatearen aldeko politikari ekin zion: ANC-a, Kongresu panafrikarra eta alderdi komunista legeztatu zituen (1990eko otsaila), ANC-ren buruzuagia, Nelson Mandela, askatu (otsaila), eta leku publikoetan arraza bereizkeria debekatu zuen (urria). Urrats berri horiek munduko nazioek Hegoafrikaren kontra zuten jarrera leundu zuten. Hala ere, Hegoafrikako egoera larria zen (1991. urtean 2.582 hil), eta De Klerk, N. Mandela eta M.G. Buthelezi zuluen buruzagiaren artean akordio batera heltzeko ahalegin asko egin ziren (Hegoafrika demokratiko baten aldeko batzarra, CODESA). 1991n, gobernuko segurtasun indarrek diru laguntza eman zioten zuluen alderdiari (Inkatha), honek ANC-ri aurre egin ziezaion, eta 1992ko ekainaren 17an 46 pertsona hil zituzten Boipatong ghettoan. 1992ko martxoan, hautesle zuriek, erreferendum bidez, De Klerk presidentearen erreforma politikoa onartu zuten, alde handiaz gainera (% 68,7 baiezko). Negoziazioak ordea asko moteldu ziren, eta zuluen alderdi Inkathak Boipatongen (Johannesburgoko hegoaldean) egin zuen Afrikako Kongresu Nazionaleko (ANC) kideen sarraskiaren ondoren, ANC-k erabaki zuen gehiago ez esku-hartzea CODESAren lanetan (Hegoafrika demokratiko baten aldeko batzarra). Inkatharen Buthelezi buruzagia Bophuthatswana eta Ciskei-ko bantustan “independente”etako buruzagiei gerturatu zitzaien, “ukazio fronte” bat osatzeko; ondoren zuri eskuindarrak elkartu zitzaizkien. Hamaika hilabetez etenda egon ondoren, berriz hasi ziren negoziazioak 1993ko apirilean. Indarkeriak gora egin bazuen ere (9.000 hildako 1990etik 1993ra), eta Chris Hani, Alderdi Komunistaren idazkaria eta ANCko nazio batzorde eragilearen kidea, hil zuten arren, berehala egin zuten elkarrizketek aurrera, Askatasunaren Aliantzaren kontrakotasuna gorabehera (Aliantzak Inkatha eta eskuindarrak biltzen zituen). 1994. urteko apirilaren 27a finkatu zen lehen hauteskunde demokratikoak eta arraza-anitzak egiteko. Behin-behineko konstituzioa onartu zen, 1994tik aurrera aplikatzekoa. Bantustanak berriz ere hegoafrikar lurraldean txertatu ziren, bederatzi probintziatan berregituratuta. Trantsiziozko Batzorde Eragile alderdi-anitz bat (TEC) arduratu zen gobernuaren egitekoa behatu eta hauteskundeak prestatzeaz. 1993an F. De Klerk eta N. Mandelari Bakearen Nobel sari bikoitza eman zieten. Bitartean, Estatu Batuek aurrena, Japoniak eta Europako Ekonomia Erkidegoak gero, ekonomia zigorrak altxatzea erabaki zuten; Nelson Mandelarentzat goizegi hartu zen neurri hori (1993ko iraila). Armen gaineko enbargoa ordea 1994ko maiatza arte ez zen kendu. ■ Bophuthatswanako bantustanean bereizketa saio bat izan ondoren, Lucas Mangope bertako presidentearen buruzagitzapean –eskuindar zurien laguntzarekin–, aurreneko hauteskunde arraza-anitz demokratikoak istilurik ia batere gabe egin ziren 1994ko apirilean, aurrez ikusi bezala, oso parte hartze handiarekin. ANC garaile izan zen zazpi probintziatan, eta bozen % 62,5 eskuratu zituen; Nazio Alderdiak, mestizoen botoa baliatuz, % 20,39 jaso zuen, eta Inkathak % 10,54. Nelson Mandela izendatu zuten estatuburu, bi presidenteorderen laguntzarekin: Thabo Mbeki, ANCkoa, eta Frederik De Klerk. Nazio batasuneko gobernu berriak ANCko hemezortzi ministro zituen, sei Nazio Alderdikoak eta hiru Inkathakoak. 1995. urtean abian jarri zuen “Egia eta adiskidetzea” batzordea, apartheidaren garaian gertatu ziren giza eskubideen bortxaren biktimen lekukotasunak jasotzeko 1996an konstituzio berria onetsi zenean, Nazio Alderdiak alde egin zuen gobernutik; eskuindar zuriek albora utzi behar izan zuten estatu zuri afrikaner txiki baten ametsa (Volkstaat), Hegoafrika arraza-anitz baten barruan. Konstituzio berriak sistema federal indartsu bat jartzen zuen abian, lehendakariduna eta bi ganberako legebiltzarrarekin; konstituzio horren arabera, biztanle orok eskubide sail zabala du, eta hegoafrikar guztiei bermatzen zaizkie adierazpen, politika eta mugimendu askatasuna. Konstituzioaren aplikazioa mailaka egitekoa behar zen, 1999ko hauteskundeen ondoren bukatzeko. Nazioartean, Hegoafrika berriz sartu zen Commonwealthen, NBEn, eta orobat afrikar erakundeetan, OUA eta SADCen (Southern Africa Development Community) bereziki. 1999ko hauteskunde orokorretan, Afrikako Nazio Batzarrak (ANC) eta haren buruzagi Thabo Mbekik –N. Mandelak izendatua, bere ondorengo izan zedin–, oso garaipen zabala izan zuten, Nazio Batzarraren 400 eserlekuetatik 266; herrialdearen barruan, 1994an bezala, bi probintziak ez zuten ANCren alde egin: Kwazulu-Natal probintziak, Inkatha (IFP) izan baitzen nagusi, eta Mendebaldeko Lur Mutur probintziak, oposizioko alderdien aliantzari esker. Oposizioaren baitan berriz, Alderdi Demokratikoa (DP) nagusitu zitzaion Nazio Alderdiari (NP), eta hala bihurtu zen oposizioko lehen alderdia nazio osoan. ANCk beraz, alternatiba sinesgarririk gabe, lortu zuen erabateko nagusitasuna. Presidente berriak, Thabo Mbekik, bere ingurukoez osatu zuen gobernua, baina Mangosuthu Butheleziren Inkatha ere barnean hartuz, N. Mandelak egin zuen bezala. 2008an Kgalema Motlanthek ordeztu zuen Mbeki lehendakaritzan, zailtasun ekonomiko eta sozialen ondorioz alderdiak kargua uztera bultzatu baitzuten Mbeki.
http://www.gov.za/