Hayes, Helen
Estatubatuar antzezlea (Washington, 1900 - Nyack, 1993). Estatu Batuetako historiako antzerki antzezle onenetakoa. Bost urte besterik ez zituela egin zuen debuta antzezle gisa, eta ospe handia lortu zuen Washingtongo errepertorio konpainia batean. New Yorken, 1908an egin zuen estreinaldia, Holandar zaharra komedia musikalean. Zenbait obratan parte hartu zuen Broadwayn, baina bere paperik famatuena Viktoria Regina (1935) obran jokatu zuen. Irratian eta telebistan lan egiteaz gainera, film askotan parte hartu zuen: Madelon Claudet-en bekatua (1931, antzezle onenaren Oscar saria irabazitakoa); Arrowsmith doktorea (1931, John Fordena); Agur armei (1932, Frank Borzagerena); Anastasia (1956) eta Aireportua (1970, bigarren mailako antzezle onenaren Oscar saria irabazitakoa). Hiru autobiografia idatzi zituen: Zoriontasun dohaina (1965), Gogoetaz (1968) eta Nire bizitza hiru ekitalditan (1990).