Hayes, Isaac
Estatubatuar musikagile eta kantaria (Covington, Tennessee, 1942 — Memphis, Tennessee, 2008) Haurra zela sartu zen musikaren munduan, gospel kantari gisa. Gaztaroan zenbait talde sortu zuen, baina ez zuen diskorik argitaratzea lortu. 1964an Stax Records konpainian sartu zen, estudioko musikari gisa. Han, David Porterrekin abestiak idazten hasi zen, eta bien artean arrakasta handiko abestiak egin zituzten soul artistentzat. Presenting Isaac Hayes diskoarekin egin zuen debuta, 1967an, eta bi urte geroago, Hot Buttered Soul kaleratu zuen, 60ko hamarraldiko musika beltzaren diskorik ezagunenetako bat. 1970 eta 1971 bitartean, The Isaac Hayes Movement eta To Be Continued argitaratu ziren, baina ez zuten aurrekoek adina arrakastarik izan. 1971n, ordea, Shaft izeneko diskoak, izen bereko filmaren soinu bandak, bultzada handia eman zion berriro Hayesen karrerari. Oscar bat jaso zuen lan horregatik, eta bai diskoak bai single-ak aurreneko lekuak lortu zituzten munduko hainbat herrialdetako musika zerrendetan. 1980tik aurrera ekoizle gisa lan egin zuen, batez ere. Beste lan batzuk: Black Moses (1971), Ike´s Rap (1986), Love Attack (1988).