Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Hanburgo

(Al. Hamburg). Alemaniako iparraldeko hiria, Elba eta Alster ibaiak elkartzen diren tokian, Europako portu nagusietako bat duena. Alemaniako bigarren hiri handiena da biztanle kopuruari dagokionez (1.571.000 biztanle), baina land (estatu) txikiena (753 km2). Hiria Alster ibaiaren bi aldeetan hazi zen (Binnenalster eta Aussenalster); gero Elbari jarraituz hedatu zen, eta 1937an 275 udalerri beretu zituen (Altona, Harburg eta Wansbek barne). Europako hirugarren portua da Rotterdam eta Londresen ondoren, eta urteko sartu-irtena 60 milioi tona ingurukoa du. Portualdeak, Elbaren ezker ertzean, 60 kai baino gehiago ditu (40 km2). Ontziolek berebiziko garrantzia izan dute Hanburgon. Munduko itsasbiderik garrantzizkoenak igaro dira bertatik, eta portuak industriaren hazkunde handia eragin du: metalurgia, mekanika eraikuntzak, elektrizitate industriak eta itsasontzigintzarekin zerikusirik dutenak, petrolio findegiak, petrokimika, inprimeriak, oihalgintza, elikadura industriak. Ospetsuak dira hango unibertsitatea, opera teatroa eta pintura museoa. v Historia. Karlomagnok Alster-en eraikitako gotorleku xumea da Hanburgoren jatorria. Hura izan zen Eskandinaviako misioen abiapuntua. 1189an Frederiko Bizargorrik hiri-gutuna eman zion, eta bere buruaren jabe izan zen; 1241ean, Lübeck-ekin elkarturik, Hansa elkartearen oinarriak ezarri zituen. XIV. menderako, Europako porturik handienetakoa zen. 1525ean luteranismora bildu zen bertako jendea. XVII. mendean are garrantzi handiagoa hartu zuen, Baltiko aldeko herrialdeekiko merkataritza harremanei esker, eta Europako lehen portua izatera iritsi zen. Estatu Batuek independentzia lortu zutenez geroztik, Ameriketarako itsasbide zuzena ezarri zuten, eta beste oparoaldi bat ekarri zion horrek Hanburgori. Frantses Iraultza eta Inperioa, ordea, kaltegarriak izan ziren. Izan ere, 1806an setiatu eta 1810ean Napoleonek Frantziarentzat hartu zuen, eta Bouches-de-l’Elbe departamenduko hiriburu izendatu zuen. 1815ean burujabetza berreskuratu eta Ipar Alemaniako Konfederaziora bildu zen lehenik; gero Alemaniar Konfederazioan sartu (1866), eta azkenik Alemaniar Inperioak bere egin zuen (1871). Bigarren Mundu Gerran bonbardaketa latzak jasan zituen (41.000 hildako, 37.000 zauritu). Johannes Brahms, H. eta G. Hertz, F. Mendelssohn eta H. Richenbach-en sorterria da.