Haizealdeko Uharteak
(Fr. Iles du Vent). Antilla Txikietako ekialdeko uhartedia, Puerto Ricotik Venezuelako Paria golkoraino hedatzen dena. Haize alisioen eragina duten uharteak dira. Martinika, Dominika, Grenada eta Grenadina, Santa Luzia eta Saint Vincent, eta Trinidad eta Tobago uharteek osatzen dute uhartedia. Britainiarren eta frantziarren mendeko koloniak izan ziren; XVII eta XVIII. mendean Ingalaterrak eta Frantziak aldi berean bereganatu nahi izan zituzten; Britainiak hartutako uharteak 1962. urtea arte Antilla Britainiarren Elkarteko kide izan ziren. Gaur egun Martinica uhartea Frantziaren mendeko lurraldea da; Dominika, Santa Luzia eta Grenada lurralde burujabeak; Saint Vincent Mendebaleko Indietako Estatu Elkartuen taldekoa, eta Grenadina uhartediko uharte batzuek Grenadarekin eta besteek San Vicenterekin dituzte harremanak. Azukre kanabera lantzen da uharte gehienetan, eta turismoak garrantzi handia du.