Hadriano
(Lat. Publius Aelius Hadrianus). Erromako enperadorea (Italika, Betika, 76 - Bayas, 138). Trajanoren semetzakoa izan zen, haren babespean ikasi zuen, eta haren biloba Vibia Sabinarekin ezkondu zen. Sirian ordezkari ahaldunaren karguarekin zegoela, gudarosteak deitu zuen Trajanoren ondorengoa izan zedin. Aurrekoen konkista politikaren ordez baketze politikari ekin zion, muga estrategikoak sendotu eta Trajanok eskuraturiko Eufratesetik ekialderako lurraldeak utzi zituen, Arabia eta Dazia soilik gorderik. Germaniako mugaldea indartzeaz gainera, Britainia Handian Hadrianoren edo Piktoen harresia eraikiarazi zuen Tyne ibai bokaletik Solway golkoraino (122-127). Jerusalemen kolonia militar bat sortu zuen eta juduen matxinadari aurre egin behar izan zion. Oro har, inperioak Hadrianok sendoturiko mugei eutsi zien, suntsitu ziren arte. Barne politikan, bere agintaldiaren hasieran jeneral batzuek antolaturiko konspirazioa desegin behar izan zuen. Administrazio erreformak egin zituen, bera kanpoan zela inperioaren kudeamenduak etenik izan ez zezan. Italia lau barrutitan banatu eta lau kontsul-orderen esku utzi zuen. Legegileek eta politikariek osaturiko Printzearen Kontseiluak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta Senatuarena gutxituz joan zen. Zentralizazioarekin batera, legediez ere kezkatu zen, eta haren agindupean egin zuen Salvio Juliano legegizonak ordu arteko pretore-ediktu askotarikoak ordezkatuko zituen lege bilduma. Bidaiari handia izaki, probintzia guztiak ikuskatu zituen (121etik 125era eta 128tik 134ra). Tibureko (gaurko Tivoli) bere Villa Adriana-n ezarri zituen bidaia haietan miretsitako monumentuen kopiak. Hadrianoren gorputza berak Erroman eraikiarazitako mausoleoan ezarri zuten (egungo Sant’Angelo gaztelua).