Haeckel, Ernst Heinrich von
Alemaniar izadi ikerlaria (Postdam, 1834 - Jena, 1919). Zoologia irakasle izan zen Jenako unibertsitatean (1862). Darwin ezagutu ondoren (1866), XIX. mendeko darwinzalerik gailenetarikoa izan zen. Organismo sinpleen ikerketak egin zituen batez ere: protozooak, belakiak, zelenteratuak eta gisakoak. Halaber, ontogeniaren eta filogeniaren artean dagoen paralelismoa azpimarratu zuen. Haren esanetan, “ontogenia filogeniaren laburpen bat da”. Proposamen horri “oinarrizko biogenetika legea” deitu zion, eta geroztik funtsezko lege bilakatu da biogenetikan (1866). Animalia mota oinarrizkoenen azterketatik abiaturik, berez sortuak baitziren haren ustez, animalia moten bilakaeraren aldiak argitzen saiatu zen. Gizakiaren jatorriari dagokionez ere, aldaketaren tesiak baliatu nahirik, tximino antropoideen eta gizakiaren artean zegokeen tarteko forma bat aurkitu zuen eta Pitekantropo izena eman zion hari; hipotesi hura azaldu zuen (gerora E. Dubois-en aurkikuntzak baietsi zuena). Bidaia anitz egin zituen, eta itsas animalia mota asko ezagutu eta sailkatu zituen. Liburu ugari idatzi zituen, besteak beste: Izadiko legeen arabera eraturiko izakien sorreraren historia (1868), Antropogenia (1874), Biziaren mirariak (1904).
- Hadley, John
- Hadot, Pierre
- Hadriano
- hadroi
- hadroma
- Haeckel, Ernst Heinrich von
- Haegg, Gunder
- Haendel, Georg Friedrich
- Hafiz (Xams al-Din Muhammad)
- hafnio
- hafsitar