Habana
Kubako hiriburua eta izen bereko probintziako hiriburua. Antilletako hiri nagusia. 113 Km2, 1.900.000 biztanle. Portu naturala du eta Kubako merkataritzagune nagusia da, uharteko esportazioen bi herenak Habanako portutik ateratzen baitira. Kubako industriagune nagusia da: azukregintza, ron destilategiak, haragi kontserbak, tabakoa. Espainiarrek 1515ean eraikia da eta garai hartako eraikuntza zahar batzuk mantentzen dira oraindik Habana Vieja izenez ezagutzen den hiri zaharrean. Hiria armada britainiarren, frantziarren, holandarren eta piraten erasoetatik babesteko gotorleku sail bat eraiki zen portuaren inguruan: Fortaleza Vieja (1537), Real Fuerza gaztelua (1589), San Salvador de la Punta, El Morro eta San Carlos de la Cabaña (1774). Arkitekturan Udaletxea eta Santa Klara komentua dira aipagarrienak, beste zenbait elizarekin batera. Gune horretatik abiaturik, XVIII eta XIX. mendeetan mendebalera eta hegoaldera zabaldu zen. XX. mendearen hasieran, hein handi batean Estatu Batuetako turismoaren eraginez, aldaketa handiak izan zituen, merkatari auzoak, hotel handiak eta luxuzko egoitzak eraiki baitziren, eta haien ondoan txabola sailak gero eta gehiago. 1959ko iraultzak ekarritako jardunbide politiko berrien ondorioz osasunaren kalterako ziren etxebizitza horiek deuseztatzeko ahaleginak egin ziren. Habanako Unibertsitatea 1721ean sortu zen.