Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Haarlem

Herbeheretako hiria, Ipar Holandako hiriburua, Amsterdam-en mendebalean, Spaarne ubidearen gainean. 150.000 biztanle. Ijmuiden-etik eta Amsterdam-etik gertu izateak bertako industriaren garapena bideratu du: metalurgia, kimika eta elikadura industriak, eraikuntza mekanikoak, ontzigintza, etab. Hiria famatu duena, ordea, tulipanen hazkuntza eta salmenta izan da; XVI. mendean hasi eta gaur egun mundu osora esportatzen du lore hori. v Historia. IX. mendean eraiki zuten eta XII. mendean gotortu. Holandako kondeen egoitza izan zen. XV. mendean oihalgintzak indar handia eman zion bertako merkataritzari. Albako dukeak setiatu zuen 1572ko abenduaren 12tik 1573ko uztailaren 13ra arte. XVII. mendean izan zuen Haarlem-ek bere loraldirik bikainena. v Artea. Haarlem-eko erdigunea Plaza Nagusia da (Grote Markt). Bertan, San Bavon katedrala (gotikoa, XV eta XVI. mendeak), Hiltegi Zaharra (Vleeshal) eta Udaletxea (Vleeshal, XVI. mendea) dira monumenturik seinalagarrienak, XVII. mendeko itxura gordetzen dutenak, oro har.