Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Gutiérrez Márquez, Juan Miguel

Gipuzkoar ikertzailea eta zineman aditua (Errenteria, 1945). 1969an elizaren filosofiako ikasketak egin zituen, Saint Ignace de Kimwenzan (Kongoko Errepublika Demokratikoa). Bestalde, 1975ean Bruselako (Belgika) INSAS Eskola Nagusian lizentzia lortu zuen komunikabide sozialetan, zinema, irrati eta telebista errealizazioaren adarrean. Donostiako Herri Irratian jardun zuen lanean eta 1980tik aurrera HABEn dihardu, laguntza pedagogikoaren sailean, ikus-entzunezko lanak prestatu ditu helduei euskara irakasteko. Ikus-entzunezko zenbait prestatu ditu, orobat, telebistan euskara irakasteko: Bai Horixe (1985), Gurtegikoak (1988), Izurungoak (1992), Barrene (1998), Barrenet (1998). Euskaldunok erabili ohi ditugun adierazpide plastikoak, musikalak eta keinuzkoak zinema narrazioari nola aplika dakizkiokeen azaltzeko zenbait ikerketa egin ditu. Berak zuzenduriko Izeba Rosa filmak euskal film onenari eskaintzen zaion Mauro Azkona saria jaso zuen 1978ko Donostiako Zinemaldian. Eusko Ikaskuntzako zinema saileko lehendakaria da 1995etik.